Ortzegun honetan hasiko dira Arantzako Kultur Egunak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 22a, 12:00
Argazkia 'Bortziriak Solasean' liburutik hartua da.

Liburu eta DVDaren aurkezpena, dokumental emanaldia, ipuin-kontalaria, kantaldia, antzerkia, magia ikuskizuna, mus eta partxis txapelketak, Baserritarren Eguna... Inoiz baino ekitaldi gehiago izanen dira ortzegunean hasi eta heldu den astean segida izanen duten Arantzako Kultur Egunetan.

Arantzako Euskara Batzordeak herriko elkarteekin elkarlanean, hainbat hitzordu prestatu ditu:

Ortzeguna, urriak 24
Bortziriak solasean liburuaren eta DVDaren aurkezpenarekin hasiko dira Arantzako kultur ekitaldiak. Ortzegunean, 19:00etan, Baskulan eginen dute aurkezpena. Ahozko tradizioaren bilduma biltzen duten liburua eta DVDa Euskokultur Fundazioak argitaratu ditu aurten, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak lagunduta. 2000 eta 2001 urteetan egindako ondare inmaterialaren bilketan oinarrituz egina da. Lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez. Hainbat gai jorratu zituzten bilketan: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak... Hortik abiatuta eginak dira liburua eta DVDa eta garai hartako hainbat argazkirekin osatu dute.

Hainbat aranztarren lekukotzak ageri dira liburuan: Mari Juli Almandoz Etxeberria, Ramon Elizondo Elizondo, Jose Ignacio Fagoaga Altamira, Clementina Irigoien Almandoz, Juan Bautista Irigoien Jorajuria, Inaxi Iparragirre Almandoz, Roman Iparragirre Altamira, Patxiku Larretxea Bereau, Fermin Larretxea Biurrarena, Juanita Leiza Zugarramurdi, Carmen Madariaga Matxikote, Luis Madariaga Matxikote, Joxe Mari Ordoki Almandoz eta Nikolas Telletxea Fagoaga.

Ortziralea, urriak 25
Ortziralean, berriz, Bidazi Bidasoaldeko Kontsumo Elkartearen eskutik, Aralar: mundua leku den lurra dokumentalaz gozatzeko aukera izanen da Baskulan. 19:00etan eskainiko dute. Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da.

Larunbata, urriak 26
Kultur egunen barne, larunbat honetan, haurrek hartuko dute lekukoa. Ixabel ipuin-kontalaria eskolan ariko da 17:00etan. Ondotik, Guraso Elkarteak berendua eskainiko du. Egun eta toki berean, 20:00etan, Bankako Menditarrak taldeak kantaldia eskainiko du.

Igandea, urriak 27
Igandean, Tartean Teatroaren eskutik, Patxo Telleriaren zuzendaritzapean eta Mikel Martinez aktorearekin, Tabernaria, instrukzioak botatzeko ondo bat kaña bakarrizketa ikusgai izanen da 19:00etan Zahar-Txokon.

Ortziralea, azaroak 1
Ekaitza Elkarteak antolatuta, aurten 24. aldiz, Baserritarren Eguna eginen da azaroaren 1ean. Ohi bezala, hainbat erakusketa eta salmenta postu paratuko dituzte herritarrek frontoian: barazkiak, zerrikiak, opilak, eskulanak, gozokiak eta etxean edo baserrian hazitako aziendak izanen dira ikusgai eta salgai. Gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte eta bertako produktuekin osatutako saskia zozketatuko dute. Urtero bezala, ostatua ere paratuko dute eta bildutako dirua eskolaren alde izanen da.

Larunbata, azaroak 2
Aurtengo kultur egunak borobiltzeko, Ekaitza Elkarteak haurrentzako magia ikuskizuna eta partxis eta mus txapelketak antolatu ditu Baserritarren Egunaren biharamunerako. 16:00etan, eskolan, Niala magoaren emanaldiaz gozatzeko aukera izanen da. 17:30ean, berriz, partxis txapelketa hasiko da Ekaitza Elkartean eta ondotik, 19:00etan, toki berean, mus txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun