Herriko ur-kontsumoaren jautsiera nabarmendu nahi izan du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 22a, 06:30

Berako Usategietako ur-depositoko lanak iaz.

Duela bortz urteko ur kopuruaren erditsua ateratzen da egunero Suspelttikiko depositotik eta aurten ez da kanpotik urarik erosi beharrik izan

Aspaldian Beran arazoak izaten dituzte uda garaian, ur-eskasia dela eta. Azken urteetan hainbat lan egin dira ur-instalazioen  kontrolean eta hobekuntzetan, baita hornikuntza puntu berriak martxan jartzen ere. Bi bide hauetan lan egin behar dela argi dute Herriko Etxean: ur gehiago biltzen eta  gure ur sareetan ur-ihesak  murrizten. 

Kasu honetan sareetan galtzen den ur kopuruan izandako aldaketa nabarmen baten berri eman nahi izan dute.  2014. urtean, Kaxerna edo Suspelttikiko depositoan datuak automatikoki jasotzen hasi zen Berako udala eta egun osoan ateratzen zen ur kopurua 1.600 metro kubiko ingurukoa izan ohi zen.  Goizeko 6etarako, berriz, (gaueko kontsumoa, gehien bat ur isuriak) 300 metro kubiko inguru atera ohi ziren.

Azken urte hauetan sareak berritu, presioa jaisteko balbulak jarri, deposito guztiak monitorizatu ordenagailutik kontrolatzeko, ur galerak harrapatu eta moldatu eta bertze hainbat lan egin dira.  «Honen ondorioz inoiz izan ditugun ur kontsumo daturik onenak ditugu momentu hauetan», diote Udaletik. 

Egun osoan 850 metro kubiko inguru ateratzen dira depositotik, goizeko 6etan berriz 100 metro kubiko inguru. «Datu hauei esker eta udan zehar egin duen euriari esker, aurtengoan ez dugu kanpotik urik erosi beharrik izanen», azpimarratu du Udalak. «Bide onean goazela garbi dago baina oraindik bada zer hobetu herriko ur sareetan eta horretan segituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun