Ttirriki-ttarraka bideoklip lehiaketako sariak banatu ditu Tantirumairu ikastolak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 20a, 12:00
Ttirriki-Ttarraka bideoklip lehiaketako irabazleak, saria jasotzerakoan.

300 euroko saria jaso dute irabazleek Irrisarrilanderako sei sarrera bigarren sailkatuek

 

Ttirriki-Ttarraka egitasmoa ezagutzera emateko eta kantuari bideoa jartzeko lehiaketa antolatu du Lesakako Tantirumairu Ikastolak. Urriaren 17an egin zuten sari-banaketa eta lehen saria, 300 euro, June Salgado, Ekiñe Salgado, Lexuri Arotzena, Maitane Erkizia, Janire Otxandorena, Nahia Pumar, Onintze Iparragirre eta Saioa Orbegozo ikastolako ikasle eta ikasle ohiek egindako bideoarentzat izan da. Bigarren saria, Irrisarrilanderako Baxiko Natura sarrera sei lagunendako, Eneko Asurabarrenak aurkeztutako bideoarentzat izan da.

 

Ttirriki-Ttarraka egitasmoa

Tantirumairu ikastolak, neska-mutikoengan ohitura osasuntsuak sustatu eta bidenabar, ikastetxeean sartzeko orduan sortzen diren auto-pilaketak  saihesteko asmoz, Ttirriki-ttarraka egitasmoa abiatu zuen joan den ikasturte bukaeran. 

Horren helburua goizero ikastolara ahalik eta ikasle gehien oinez hurbiltzea da. Horretarako bi ibilbide proposatu zituzten: Ttirriki, 08:40an Eltzetako plazan abiatu eta Bittiria, Erdiko Errota eta Plaza Zaharrean barrena ikastolara 08:55ean ailegatzen dena; eta Ttarraka, Itturrunzubiko plazako iturrian 08:45ean elkartu eta Antoiu karrikan eta Eskol-Ttikin barrena ikastolara joaten dena.

OEgitasmoa indartzeko kanta bat sortu zuten, Bortzirietako Bertso eskolaren eta Lesakako zenbait musikariren laguntzaz eta orain bideoklipa ere badauka.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun