Nafar Kronoeskaladetan azkena larunbat honetan eginen dute Ibardinen

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 17a, 18:00
Didier Zago, Larraineko Igoeran. Argazkia: Georges Soubelet

09:00etan abiatuko dira Urruñako Signature enpresako borobilgunetik

Presoen eskubideen alde, Nafar Erresumako Kronoeskaladak egiten ari dira. Lizarieta, Otsondo, Izpegi, Ibañeta  eta Larrainen ondotik, azkena, urriaren 19an, larunbatean, Ibardinen izanen da. «Elkartasun eta bizikletaren festa handia izatea espero dugu!», diote antolatzaileek. Proba, larunbatean 09:00etan abiatuko da Urruña aldetik, Signature enpresako borobilgunetik. Antolatzaileek ibilgailuak Ibardinen 08:30erako uztea eskatu dute eta handik irteerara jaustea bizikletan. Irteeran emanen dituzte dortsalak eta txirrindulariak minutu erdiro abiatuko dira.

Bortz hilabetez 70 txirrindulari mugiarazi dituzte, «euskal presoen sustenguz, batzuk behin bakarrik etorri dira, bertze batzuk bitan, hirutan, lautan eta bertze aunitz bortzetan izan dira». Hasi berriak motibatu dira eta Didier Zago edo Adèle Kerbaol bezalako kirolari handiek parte hartu dute (eta parte hartu duten guztietan irabazi ere egin dute). Finalean, iaz bezala, «Mikel Astarloza txirrindulari ohia, gurekin izanen dugu». Markel Irizar etortzea ere nahi zuten antolatzaileek, «bainan azkenean ezin izango du, beraz alde horretatik ez dugu sorpresarik». 

Aldiz, Adèle Kerbaol, txapelketako erregina, momentu honetan frogan dago ikusteko talde profesional batek hartzen duen. Ostiral honetan beste froga bat egin beharko du eta «horren ondoren larunbatean behar bada esango dizuegu zein talde profesionalera doan. Emakume horrek, Nafar Erresumako Krono Eskaladak egin baino lehen inoiz ez zuen parte hartu bizikleta lasterketa batean. Beraz txapelketa honek, inoiz ez zuen pentsatuko horrelako gauzarik lortuko zuenik eta inondik inora ez zuen helburu horrretara iritsi nahi. Gertatzen bada hainbat hobe!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun