Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra aurten ere Nafarroako sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 18a, 07:30

Mutilen eta nesken taldeez gain, talde mistoa plazaratuko du aurten ere Beti Gaztek.

Larunbatean Arbizun hasita, 600 kiloko txapelketa jokatuko dute gizonezkoek, 520 eta 480 kilokoa emakumeek eta 550 kiloko txapelketa mistoa izanen da

Larunbat honetan, urriaren 19an abiatuko da Nafarroako 8x8 sokatira txapelketa Arbizun. Gizonezkoek 600 kiloko kategorian jokatuko dute bakarrik eta Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Berriozar, Antsoain eta Txantrearekin lehiatuko dira lesakarrak. Emakumezkoetan, bi kategoria izanen dira: 520 eta 480 kilokoa. Hemen ere taldea aterako du Beti Gaztek, Antsoain eta Txantrearekin batera. Txapelketa mistoan (550 kilo), Beti Gazte, Berriozar, Antsoain eta Txantrea lehiatuko dira.

Egutegia

Lehen tiraldiak urriaren 19aan, larunbatean 17:00etan eginen dituzte Arbizun. Gizonezkoen lehen jardunaldia eta emakumezkoen 520 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dituzte. Urriaren 26an bi kategoria hauetako bigarren jardunaldia jokatu eta txapelak banatuko dituzte Elizondon.

Azaroaren 2an Leitzan, txapelketa mistoko eta emakumeen 480 kiloko lehen jardunaldiak jokatuko dituzte eta azaroaren 9an Lesakan, bi kategoria hauetako bigarren jardunaldiak jokatu eta txapelak banatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun