Margolarien lana agerian paratu eta artea herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin antolatu du Gure Txokoa elkarteak, Udalaren babesarekin XV. Berako pintura-lehiaketa aire zabalean. 16 urtetik goitiko edozeinek parte hartu ahal izanen du, beratarrak nahiz kanpokoak, eta izena emateko egun berean joan beharko da Gure Txokoa elkartearen Iamoteneako egoitzara 09:00etatik goiti. Euskarria zigilatu eginen zaie partaideei, eta ondotik, lanak 14:30erako aurkeztu beharko dira.
Edozein teknika erabili ahal izanen da, baina margolanaren euskarriak ez du aitzinetik manipulatua egon behar, erabat zuria egon behar du. Euskarriaren neurria librea izanen bada ere, alde bakoitzetik gehienez ere 100 cm eduki ahal izanen ditu.
Bi sari emanen dira, 1.000 eurokoa, lehenbizikoa; 700 eurokoa, bigarrena. Saritutako Gure Txokoa elkartearen eta lehiaketaren babesle den Berako Udalaren esku geldituko dira, eta gainerakoak egun berean edo ondorengo 15 egunetan jaso daitezke, jasotzeko eguna eta ordua zehazteko aitzinetik abisua emanda Luperi (647 840482 telefonoa) edo Juan Carlos-i (616 240144). Antolakuntzak izendatutako epaimahai batek emanen ditu irabazleen izenak 18:00etan. Aitzinetik, 17:00etatik 18:0etara ikusgai izanen dira Iamotenean.