Protagonistak 15 urtetik gorako emakume kirolari profesionalak ziren, lehenak Euskal Herrikoak, nahiz eta aurrerago, pilotaleku berrien irekierarekin, beste hainbat lekutan ere sortu. Hasiera batean, Espainiar estatuan errotutako modalitatea izan zen, Espainiako testuingurua eta jokoaren arrakasta zela eta, ordea, Atlantikoa gurutzatu eta Kuba edo Mexiko bezalako hiriburuetan ere aritu ziren raketistak (Urrutia, 2009).
«Garaiko eredu hegemonikoa hautsi zuten raketistek»
Aipatu bezala, XIX. mende amaieran emakume kirolaria profesionalizatzeko saiakerak huts egin zuen eta XX. mende hasieran raketisten fenomenoa abiatu zen. Zehatzago, XIX. mendean gizarteak emakumeen lana gogorki zigortzen zuen, hauen lana, esparru domestikoarekin erlazionatzen zenez, espazio publikoan aritzen ziren emakumeak gaizki ikusirik zeudelako. Are gehiago, gorputza lan tresna bezala erabiltzen zuten ziren gaitzetsienak (dantzari, aktore, kirolari... prostituta zen baztertuena). Garai hartan, gizonen askatasunaren aurrean emakumeei debekatutakoak dira aipagarrienak; moral bikoitza eta hipokrisia bete-betean (Aresti, 2006). Raketisten kasuan kontraesankorrak diren bi ideia ditugu, beharbada, moral bikoitzaren ideiaren arrazoiak direnak. Batetik, raketistaren figurak feminitatearekin bat egiten zuen gonaz jantzi eta raketa bidez (ez zuzenean eskuz) jolasten zelako eta ondorioz, onartua zela pentsa daiteke. Bestetik, emakumea eta ama izatea sinonimo ziren, raketisten bizitza ama izatearekin bateraezina zela pentsa zezakeen gizarteak, eta hortaz, emakume haiek gaitze- tsi. Olatz Gonzalez ere moral bikoitzaz mintzo da, ospearekin batera emakumeek jasaten zuten des-plazamenduaz, alegia. Gonzalezek gutxi landu izan den des-plazamendua du aztergai, non emakumeak historikoki gizonen espazioa (plaza, espazio publikoa) dena okupatu izan duenean, onarpena bai eta aldi berean bazterketa jasan izan duen (Gonzalez, 2013).
Raketisten mundua espazio maskulino batean zegoen arren, erabat femeninoa zen. Hau da, nahiz eta raketistak espazio maskulino batean mugitu (gaua, ospea, dirua, apustuak...) euren papera guztiz femeninoa izango da, euren karrera profesionalak eredu maskulinoaren kontsumora bideratuko baitira. Ondorioz, raketisten fenomenoak genero-sistema erreproduzitzeko balioko du Gonzalezen (1999) arabera. Halere, nire irudiko, garaiko genero harremanak arautzen zituen eredu hegemonikoa hautsi zuten raketistek, gizartean ematen ari ziren aldaketak gorpuztuz.