Herri ttikiak

Iruñeko auzo bateko ostatu batean nintzen, denbora-pasa kafea hartzen, eta gizon bat nuen parean, hura ere bakarrik, bazkari partea egiten; harekin solasean hasi nintzen, edo hura nirekin, denbora-pasa. Betiko galde-erantzunak, eguraldiari edo biztua zen telebistak zekarzkien albisteei buruzkoak, nongoak ginen, zerk ekarri gintuen hara. Espainia aldekoa bera, Iruñera lanera etorria; Nafarroa iparraldeko herri ttiki batean bizi nintzela erran nion nik; orain Iruñean karrera akaberako praktiketan nagoela-eta joan-etorria egiten dudala. Badakidala ez dela hagitz ekologikoa, baina… Harriturik bera; nola den posible gazte batek nahiago izatea 3.000 biztanlera ailegatzen ez den herri batean bizi hiriburuan baino. Eta nik, berriz, gustura nagoela.

Herri ttikien alde txarrak zerrendatzen hasi zitzaidan. Solas egiten dela sobera bertzeen kontuez; eta, beraz, bertzeek norberaz ere. Ezin duzula nahi duzuna egin bertzeen ahotan egon gabe. Bestazale eta neskazale fama duela hark herrian, eta nahiago izan zuela alde egin. Nazkatua. 
Egia da. Ni herrian bizi naizenetik eta autoa errepide nagusitik argi ikusten den leku batean aparkatzen dudanetik astero entzun behar izan ditut «Gaur ez zenuen lanik?», «Aste honetan guti egon zara etxean» eta halako iruzkinak. Kontrola izugarrizkoa da. Eta ez nituzke jakin nahi nire gibeletik erran dituztenak. Zer erranik ez neroni ere egiten ikasten hasi naizen txutxu-mutxuak: hura eta bertze honekin ikusi dutela; baina bikotea dutela; are, umeak. 

«Txutxumutxuei paso eginez gero, alde on ugari dituzte herri ttikiek»

Baina horiei paso egiteko aukera eta gaitasuna izanez gero bertze alde on ugari ere badituzte herri ttikiek. Libre ditudan goiz edo arratsaldeetan erosketak egitera ateratzea gustatzen zait herriko dendetara; bi solas gurutzatzea dendariarekin –denda erraldoi horietan egin ezin diren gauzak–. Ostatura joatea jakin gabe nor egonen den eta halere jakitea segur izanen duzula norbait ezaguna mintzatzeko nahi izanez gero. Karrikatik ibili eta agurrak gurutzatzea jendearekin. Eta, arnasgune ditugun gure herriotan, nola ez –eta anitzetan baloratzea ahanzten zaigun arren–,  ia edozeinekin euskaraz aritzeko aukera. 
Burutik pasatu zitzaizkidan horiek guztiak, baina ez nuen jakin azaltzen Iruñeko auzo bateko ostatu batean topatu nuen Espainia aldeko gizon hari. Hurrengoan aurkitzen badut, ea konbentzitzen dudan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun