Solasaldia eta gaztain-jatea izanen dituzte Lesakan bertso eskolaren eskutik

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 16a, 19:00
Bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai izanen ditu Ane Labakak, genero ikuspegitik.

Ane Labakak ‘U-morez’ hitzaldia eskainiko du ortziralean 17:30ean erabilera anitzeko udal aretoan

Bortzirietako bertso-eskolak antolatuta, U-morez solasaldia eskainiko du Ane Labakak urriaren 18an, ortziralean 17:30ean Lesakan, Koskonta bideko erabilera anitzeko udal aretoan.

Bortzirietako bertso eskolak, Lesakako Udalaren laguntzaz antolatutako ‘U-morez’ solasaldian, bertsolaritzan garatutako umorea(k) aztergai izanen ditu Ane Labakak, genero ikuspegitik. «Umorea boterea da. Nork egiten du barre? Nori buruz? Nola? Zein hiztegi baliatuz? Historikoki gizonezkoa izan da umore egilea, subjektua. Eta gainerako guztiak bilakatu ditu umore objektu, gainerako guztiei buruz egin du barre eta tartean, nola ez, emakumeoi buruz. Umorea zapaltzea da goitik beherako noranzkoan. Behetik gora (edo parez pare) burutzean, aldiz, askatzea izan daiteke, erresistentzia edo are transgresiorako arma. Genero-ikuspegia eta diskurtso feminisitak gero eta hedatuago dauden garaiotan, nolako umorea(k) lekutzen dira bertsolaritzan?».

 

Gaztain-jatea urriaren 26an Basurden

Hilaren 26an, berriz, gaztain-jatea eginen dute Basurden, Unai Iturriaga eta Miren Amuriza bertsolariekin. Iban Garro izanen da gai-jartzaile. 19:30ean hasita pintxoak, gaztainak eta bertsoak izanen dituzte, 10 eurotan. Izena emateko 618 963011 telefonora deitu edo bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun