Helpbidea proiektuaren nondik norakoak azaldu eta baserrien identifikazio plakak banatuko dituzte Etxalarren urriaren 9an

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 6a, 12:00

Kultur Etxean eginen dute aurkezpena asteazken arratsaldeko 5etan eta bereziki baserrietan bizi direnei eskatzen zaie batzarrera joateko bakoitzak bere etxeari dagokion identifikazio plakak biltzera

Larrialdi kasuetan medikuak, suhiltzaileak eta orohar zerbitzu publikoak baserrietara ahalik eta lasterren ailegatzeko arras garrantzitsua da Helpbidea proiektua. Nafarroako Gobernua, tokian tokiko udalen laguntzarekin, lurralde osora zabaltzen ari den egitasmoa da eta, dagoenekoz, hainbat herritan indarrean jarria dute. Gure inguruan aitzindari dira Leitza, Areso, Goizueta, Arano eta Zubieta. Etxalarren urriaren 9an azalduko dituzte egitasmoaren xehetasunak eta Etxalarko udalak bereziki baserri auzoetan bizi diren herritarrei batzarrera joateko eskaera egin die.

Baserrien identifikazio plakak banatuko dituzte asteazkenean

Jendeari egitasmoaren nondik norakoak azaltzeaz gain, baserri bakoitzak izanen duen Helbidea identifikazio plakak banatuko dituzte asteazken arratsaldean. Baserri bakoitzak bere plaka du, zenbaki bat idatzia duen identifikazio plaka, eta batzarrera joango direnei euren baserriari dagokiona emanen diote hantxe bertan. Plaka hori baserriko atarian jarri beharko du etxejabeak eta noizbait larrialdi kasu bat gertatuz gero etxean, plakan dagoen zenbakia adierazi beharko da 112ra deitzen denean.

Udalak baserri auzoen mapa prestatu du

Helpbideak hainbat elementu konbinatzen ditu: baserriei emanen zaizkien identifikazio zenbakiak (plakak), baserri bakoitzaren GPS lokalizazioa errazten duen aplikazio informatikoa (larrialdi zerbitzuek erabiliko duten aplikazioa) eta auzo sarreretan jarriko dituzten metro-baserri panelak baserrien mapa erakutsiz. Horrela, larrialdi kasuetan etxe bakoitza modu azkar eta errazean lokalizatu ahal izanen dute medikuek edo suhiltzaileek eta orain arte izaten ziren hankasartzeak eta atzerapenak saihestuko dira.

Udalak bere aldetik, lehendik zegoen mapa zuzendu eta Etxalarko baserrien mapa berria prestatu du eta, modu berean, laster auzo sarreretan jarriko diren panelak ere prest izanen ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun