«Jendeari gure kanta gustatu zaiola ikustea pozgarria izan da»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 5a, 13:00

Uxue Iturria, Etxalarko gaztea.

Uxue ITURRIA RAZKIN Etxalarko gaztea

Nor da Uxue Iturria? 
Etxalarko gazte bat, lagunekin trikitixa jotzen aritzea gustuko duena.

Noiz hasi zinen trikitixa ikasten?
Orain dela bederatzi urte, zortzi urte nituelarik. Ordurako panderoa jotzen nuen.  

Zer da musika zuretzat? 
Zaletasun handiena; kontent nagoenean hori erakusteko modua, baita estututa nabilenean lasaitzen laguntzen didana ere.  

Erlaitz taldeko kidea zara...Noiz sortu zenuten taldea? 
'Mundua aldatu' kantarekin batera sortu genuen kuadrillako lau lagunek: Martxel Larrazek, Olaia Iturriak, Leire Iribarrenek eta nik. Herriko bestetan jo genuen kanta lehendabiziko aldiz eta hagitz berezia izan zen guretzat. 

Zer dela eta sortu zenuten kanta?
Euskal Herriko trikitixa elkarteak antolatutako maketa lehiaketarako sortu genuen orain dela bi urte. Bortxaketen gaia pil-pilean zegoenez, gustuko genuen Onintza Enbeitaren letra hartu genuen. Gure abestia ez zuten diska grabatzeko aukeratu. Aurten Itsaso Elizagoienen eta Xurxo Nuñezen laguntzari esker, grabatzea lortu dugu.

Sortze-prozesu horretan zer izan zen zailena?
Abestiaren zatiak trikitixa klaseetan eta norberak bere etxean asmatu genituen. Horiek elkartzea eta denon gustukoa izatea izan zen zailena. 

Bi hilabetez 9.000 bisitaldi inguru izan ditu... Zer sentitzen duzue hori entzutean?
Sorpresa izan da. Bideoa guri gustatu zitzaigulako igo genuen eta hagitz pozgarria izan da jendeari gustatu zaiola ikustea.

Orain, bigarren kanta buruan?
Epe motzera begira ez dugu proiekturik baina etorkizunean zerbait egiteko asmoa dugu.

Musika ez den zaletasunen bat?
Lagunekin egotea gustatzen zait. Maite ditudanekin denbora partekatzeak zoriontsu egiten nau.

Zer du Etxalarrek bertze herriek ez dutena?
Txoko politak eta herri-giro berezia dituen herria dela erranen nuke. Herriko mendi ederrek lasaitasuna transmititzen dute.

Amets bat?
Trikitixaren eskutik arlo berri batzuetan murgiltzea, orain artekoa utzi gabe eta orain arte bezala gozatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun