Manttale Ttikik urriaren 19an hasiko du hamaikagarren denboraldia

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 5a, 12:00
Joan den urtean Zuhaitzaren Egunean parte hartu zuten Manttale Ttikiko kideek.

Urriaren 19tik aitzinera larunbat goizetan laster egiten ikasteko hitzordua eginen dute 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoek

Parte hartu nahi dutenek lehenbiziko hiru larunbatetan atletismo eskolan zer egiten duten ikusi eta probatzeko aukera izanen dute. Laugarrenetik aitzinera segituko duten ala ez erabaki ahal izanen dute.

Aitzineko urteetako arrakasta errepikatzeko gogoz, urriaren 19an hasiko du aurtengo denboraldia Manttale Ttiki atletismo eskolak. Hamaikagarrena izanen da eta aipatzekoa da urtetik urtera gero eta haur gehiagok ematen dutela izena: 2008an 30 bat neska-mutikorekin hasi zuten egitasmoa, eta azken urteotan, berriz, 80 bat haur biltzen dira.

Probatu eta nahi bada segitu
Urriaren 19ko lehenbiziko saioan eta ondoko bi larunbatetan, Manttale Ttiki ezagutzen ez dutenek atletismo eskolan zer egiten duten ikusi eta probatzeko aukera izanen dute: «gustatzen bazaie laugarren astetik aitzinera izen-emateak egin eta datuak bilduko ditugu». Halaxe adierazi dio Iñaki Pikabea Manttale Ttikiren sortzaileetako bat izan zenak TTIPI-TTAPAri.

Gainerakoan, ohiko martxarekin segitzeko asmoa dutela adierazi du Pikabeak. Berako kiroldegian 10:00etan eginen dute hitzordua eta adinaren arabera, bi taldetan banatuta larunbat goizero bi orduko saioa eginen dute. Pikabeak kontatu duenez, «6 eta 9 urte bitartekoekin, ariketa eta jolasen bidez, lasterka egiteko ohitura zabaldu eta teknikak lantzen ditugu». Kozkorragoekin, berriz, 9 eta 12 urte bitartekoekin, «bertzelako entrenamenduak egiten ditugu, mendi itzuliak, mendian serie batzuk...». Ez hori bakarrik, «Irungo Bidasoa Atletismo Eskolarekin elkarlanean ari gara eta haien bitartez, haurrei atletismoaren barne dauden bertze modalitateak ezagutzeko aukera eskaintzen diegu», dio Pikabeak. Ohiko saio arruntez gain, tarteka ateraldiak egiten dituzte: «mendira joan, bizikletan ibili, ikasturte bukaerako txangoa egin...».

Haurren entrenamenduen ardura, berriz, azken urteotan horretan aritu den Ane Eltzaurdiak hartuko du, eta berekin batera, Bidasoa Atletismo Eskolako entrenatzaile bat ariko da: «orain arte gure artean moldatu gara, baina ardura horretan ibili den Jone Zelaietak ezin izan du segitu eta Anek Bidasoa eskolatik etorriko denaren sustengua izanen du». Horiekin batera, «larunbatetan Manttale Mendi Lasterketa Taldeko bi edo hiru lagun ibiliko gara entrenamenduetan laguntzeko».

Asteazkenetan gazteak
Larunbateko hitzorduaz gain, laster egiten segitu nahi duten gazteentzat bertze saio bat antolatzen du Manttale Mendi Lasterketa Taldeak. «12 urte bete ondotik, laster egiteko ohiturarekin segitu nahi zutenak bazirela ikusita, 12 eta 17 urte bitartekoekin asteazkenetan elkartzen gara, 17:30etik 19:00etara». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun