Etxalarko Usategietan sasoi berriari ekin diote

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 2a, 20:00
Urriaren 1etik azaroaren 20ra izanen da usategietako denboraldia.

Urriaren 1etik azaroaren 20ra izanen da eta asteburu eta besta egunetan bisita gidatuak eskainiko dituzte

 

Urtero bezala, urriaren 1ean hasi da 2019ko Etxalarko Usategietako sare bidezko uso ehiza tradizionalaren denboraldia eta bertan lan egiten duen usazale taldea goiz goizetik han aritu zen sasoia prestatzen. Etxalarko Usategietan, 600 urte baino gehiago dituen sare bidezko uso ehizaren tradizioa bizirik ikusteko aukera dago. Sistema berezi honek ez du eskopeten beharrik usoak ehizatzeko eta talde lanean egiten da, paleta edo makilekin hegaka datozen usoei jaistera behartuz, zatarrekin izutuz eta sareen azpian bizirik harrapatuz. Hainbertzte urtez bizirik irauteagatik eta Iberiar penintsulan bakarra izateagatik, tradizio hau gure ondare kulturalaren parte da eta Kultur Interesko Ondare izendatua dago.

Bisita gidatuak

Urriaren 5ean, larunbata, hasiko dira ehiza tradizio xahar hau ezagutzeko bisita gidatuak ere. Urtero bezala, urriaren 1a eta azaroaren 20a bitarteko larunbat, igande eta besta egunetan eginen dira bisitak eta irteera goizeko 11etan izanen da.

Ehiza tradizio hau ezagutzeko, bakoitza bere kabuz sareetara hurbiltzeko aukera dagoen arren, bisita gidatua aukeratzen dutenek, ehiza eremu mugatuan sartzeko aukera izanen dute eta sistemaren xehetasunak ezagutzen dituzten bitartean usorik etorriko balitz, ehiza prozesua bertatik bertara ikusiko lukete, beti ere, eguraldia eta zortearen arabera. Bisitaren iraupena, ordu bat eta erdi ingurukoa da eta prezioa 5 eurokoa da pertsonako eta 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat eta haurrentzat (6-12 urte) 4 euro bakoitzak. Bisitaz gain, ikusentzunezkoa ikusteko eta sareetako behatokira sartzeko aukera ere badago, handik, usoa datorrenean, sareetan nola sartzen diren hobeki ikusten baita.

Bisitarekin interesatuak egonez gero www.etxalar.eus edo www.etxalarturismo.com orrietan bada informazio gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun