Aresoko Itxaso Onsalok eta Mikel Eugik irabazi dute aurten ere Nafarroako arpana txapelketa mistoa

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 30a, 13:00

Igantzin jokatutako herri-kirol jaialdian Imanol Kañamares eta Maider Etzezabal izan dira Euskal Herriko txapeldun koxkor biltzen

Hainbat herri-kirol txapelketa erabaki ziren irailaren 28an Igantzin. Nafarroako arpana txapelketa mistoan, Aresoko Itxaso Onsalo eta Beunzako Mikel Eugik pronostikoa bete eta txapela jantzi zuten. Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan, Unai Iantzi aniztarra bigarren izan zen gizonezkoetan eta Maika Ariztegi iturendarra bosgarren emakumezkoetan. Argazkiak: Oskar Txoperena eta Maitane Maritorena

Nafarroako arpana txapelketa mistoan, Aresoko Itxaso Onsalo eta Beunzako Mikel Eugi izan ziren bizkorrenak 45 ontzako enborrari hamar epai egiten (4.53). Daniel Saldias arraioztarra eta Antsoaingo Irune Biurrun izan ziren bigarrenak (6.42) eta Unai Bertiz sunbildarra eta Iruñeko Esti Gastearena hirugarrenak (7.33).

Gizonezkoen Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan, bi nafarrak izan ziren bizkorrenak. Arostegiko Imanol Kañamaresek jantzi zuen txapela (6.23). Bortz segundoko aldea atera zion herritarren babes handia izan zuen Anizko Unai Iantziri (6.28) eta Aritz Ruiz arabarrak osatu zuen podiuma (6.34).  Ondotik sailkatu ziren Patrik Saitua (Gautegiz-Arteaga, Bizkaia, 6.40)), Jon Larrañaga (Mendaro, Gipuzkoa, 6.49), Xabi Vegas arabarra (6.58), Natxo Gomez (Getxo, Bizkaia, 7.01) eta Uxer Mozo (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 7.30).

Emakumezkoen Euskal Herriko koxkor biltze txapelketan, emozio handia izan zen, hiru lehenbizikoen artean bi segundo eskaseko aldea izan baitzen, hamaika zentesima bertzerik ez bi lehenbizikoen arean. Maider Etzezabal azpeitiarra izan zen bizkorrena (7.48.69), Eltsoko Ainhoa Iraizoz bigarren (7.48.80) eta Zuriñe Frutos arabarra hirugarren (7.50). Gernika-Lumoko Irantzu Onaindia izan zen laugarren (7.55), Maika Ariztegi iturendarra bosgarren (7.59) eta Muxikako Goizalde Aransolo seigarren (8.28).

Txapelketekin batera, Igantziko gazteek hainbat herri-kirol proba eskaini zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun