Igantziko bestetako larunbatean ere izanen da Bestabusa

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 26a, 15:00

Igantziko bestetara arazorik gabe hurbiltzeko aukera eskainiko du bestabusak.

Bi-Bideko bidegurutze inguruan autorik ez uzteko eskaria egin dute Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik

Igantziko bestetako larunbatean, irailaren 28an, bestabusa antolatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, «parrandara edo etxeko itzuleran arriskuan guttiagotzeko helburuarekin». Joan-etorria 5 euro gostako da.

Autobusa 20:45ean eta 23:00etan abiatuko da Beratik (Toki Ona eta Agerra), 21:00etan eta 23:15ean pasako da Lesakako suhiltzaileen aparkalekutik, 21:15ean eta 23:30ean Etxalarko Landaburuatik, eta 21:30ean 23:45ean Iganttziko Bi-Biden jendea utzi ondotik, Arantzako aparkalekuan 21:45ean eta 0:00etan hartuko du berriz jendea, Igantzira 22:00etan eta 00:15ean ailegatzeko.

Itzulerako ordutegiari dagokionez, Arantzara joateko 03:30ean eta 06:00etan abiatuko da autobusa. Etxalar, Lesaka eta Berara, berriz, 05:00etan eta 06:45ean abiatuko da.

 

Mankomunitatetik oharrak

Kotxez joatea erabakiz gero, Bi-Bide, lixutegia, janari-denda eta farmacia inguruan ez aparkatzea eskatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, gune horretan egiten baitu maniobra autobusak. Autobusa betez gero, aurreikusitako ordutegia ez da beteko, baina hustu eta berriz itzuliko da geltokietako jendea jasotzera.

Bertzetik, Mankomunitatetik oroitarazi nahi dute «parrandak lotura estua duela sustantzien kontsumoarekin, baina bertze behin ere, kontsumoa parrandako aukera bakarra ez da, ekitaldietan parte hartuz edo herritar eta bisitariekin egonez besta giro ederra sortzen baita». Adin txikikoek legez ezin dutela kontsumitu eta norbere ongizaterako hobe dutela deus ere ez hartzea ere presente izan behar dute bai guraso, bai saltzaile, baita norbanako orok ere, garapenean dauden gorputz, adimen eta izaerak direlako. Jende helduagoari, ordea, kontsumoa egiteko hautua egiten badu, kontsumo arduratsu baten alde egitea eskatu diote, «bakoitzak bere erritmoa bilatzea, sustantzia-nahasketarik ez egitea, atseden hartu eta ongi hidratatzea… eta egoera kontroletik kanpo joanez gero, 112 zerbitzuetan laguntza eskatzea». Eta, nola ez, «norbere burua zaindu eta errespetatzearen garrantziaz ari garela, bertzeari eta inguruneari/herriari ere errespetatzean eskatzen dugu. Ongi pasa, pasatu gabe!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun