Euskal Herriko koxkor biltze txapelketak jokatuko dituzte larunbatean Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 26a, 06:30
Maika Ariztegi iturendarra joan den urtean Igantzin koxkor biltzen.

Herri-kirol jaialdi berean Nafarroako arpana txapelketa mistoa eginen dute

Koxkorrekin, eskualdeko bi ordezkarik parte hartuko dute: Unai Iantzi Maritorena aniztarrak eta Maika Ariztegi Mariezkurrena iturendarrak. Arpanean, berriz, Itxaso Onsalo aresoarra, Unai Bertiz sunbildarra eta Daniel Saldias arraioztarra aritzekoak dira.

Emakumezkoen eta gizonezkoen Euskal Herriko txokor biltze txapelkeketak erabakiko dira larunbat honetan, irailak 28, Igantzin. 18:00etan hasita hamalau kirolari lehiatuko dira.

Emakumezkoetan sei lagunek parte hartuko dute: Nafarroatik Maika Ariztegi Mariezkurrena iturendarra eta Ainhoa Iraizoz Cires ariko dira; Arabatik Maider Etzezabal eta Zuriñe Frutos Gutierrezek jokatuko dute eta Bizkaitik Irantzu Onaindiak eta Goizalde Aransorok.

Gizonezkoetan zortzi kirolari lehiatuko dira: Nafarroako ordezkari Unai Iantzi Maritorena aniztarra eta Imanol Kañamares Mugertza izanen dira; Arabatik Aritz Ruiz Iturribarria eta Xabi Vegasek parte hartuko dute; Bizkaitik Patrik Saituak eta Natxo Gomezek parte hartuko dute eta Gipuzkoako ordezkari Uxer Mozo Eizmendi eta Jon Larrañaga Gorrotxategi izanen dira.

Kirolari bakoitzak 1,25 metrotara eta bi lerrotan paratutako 50 koxkor bildu beharko ditu.

Nafarroako arpana txapelketa mistoa

https://erran.tok-md.com/argazkiak/kcB/Arpana%20mistoa.jpg

Ez da larunbatean Igantzin eginen den herri-kirol erakustaldi bakarra izanen, Nafarroako arpana txapelketa mistoa ere orduan erabakiko baita. Txapelketaren zazpigarren edizioa izanen da aurtengoa eta hiru bikotek parte hartuko dute: Itxaso Onsalo aresoarrak Mikel Eugi (Beunza) izanen du lagun, Unai Bertiz sunbildarra Esti Gastearena iruñearrarekin ariko da eta Daniel Saldias arraioztarra Antsoaingo Irune Biurrunekin. Etzanda paratutako 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkiote.

Igantziko bestetan ohitura bihurtu den bezala, herritarrek ere herri-kirol desafioa eskainiko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun