Haur euskaldunetan hizkuntza garatzeko arazoei buruz ikastaroa antolatu du EHUk Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 24a, 20:00
Joan den urteko ikastaroko argazkia.

Irailaren 27an eta 28an eginen dute Harriondoa Kultur Etxean

Irailaren 27an eta 28an Haur euskaldunetan hizkuntza garatzeko arazoak antzemateko, baloratzeko eta esku hartzeko baliagarri dauden prozedurak eta tresnak izeneko ikastaroa eskainiko du EHUk Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. www.uik.eus webgunean eman daiteke izena. Lesakako Udalaren, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen, Guztiok elkartearen, Lesakako Osasun Etxearen eta Elebilab erakundearen laguntza izan dute antolaketan.

Uda Ikastaro honen helburua euskara/gaztelania, euskara/frantsesa hitz egiten duten haur elebidunen eta eleaniztunen hizkuntza garapenarekin loturiko arazoak antzematea, balioestea eta esku hartzea errazteko erabilgarri izan daitezkeen egungo baliabideetako batzuei buruzko informazioa biltzea da. Baliabide horiek materialak izan daitezke: testak, eskola materiala, etxean lantzeko materiala…. Baita pertsonalak ere: Hainbat profesional, esku hartze ereduak, sareko lana, familia elkarteak eta abar. Alderdi soziolinguistikoak aztertzen eta esperientzia pertsonalak kontatzen jarraituko dugu esku artean dugun gaiaren arloko hutsune handiak estaltzen laguntzeko, egungo lan ildoei buruz hitz egingo diguten ikertzaile espezialisten ekarpena ahaztu gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun