Usategietako tradizioaren besta giro ederrean ospatu dute Lizarietan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 23a, 12:00

Etxalar-Sara hitzarmena berretsi dute bi herrietako alkateek, Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko kontseilaria lekuko zela

Usategietako tradizioaren besta giro ederrean ospatu dute etxalartar eta saratarrek igandean, bi herriak elkartzen dituen Lizarietako kaxkoan. Igande goizean artisauen erakusketa eta salmenta izan zaleen, Landaburuko Gerardo Danboriena eta Murdeneko Jesus Mari Sanzberro usazaleen eskutik paleta egite erakustaldi parte-hartzailea, haurrentzako puzgarriak eta taloak izan zituzten. Goizean etxalartarren eta saratarren arteko botaluze pilota partida ikusgarria jokatu zuten. Usategietako makila (karrote) botatzeko munduko V. txapelketa Sarako Daniel Calvetek irabazi zuen. Argazkiak: Jose Mari Telletxea

Hitzarmena

2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko hitzarmenaren sinadura berretsi zuten bi herrietako alkateek, Etxalarko Migel Mari Irigoienek eta Sarako Battit Labordek. Itziar Gomez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako eta Ingurumenerako kontseilaria izan zuten lekuko. 300 bat lagun bildu ziren aretxe haragia jatera. Eguerdian eta arratsaldean Joxe Angel akordeoilariak giroa alaitu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun