Klima aldaketaren aurka neurri zorrotzak hartzeko mozioa aurkeztu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 20a, 13:00
Politika eraginkorrak garatzeko konpromiso irmoa adierazi du Berako Udalak.

Egoeraren larritasuna aitortu eta neurriak berehala hartzeko eskaria egin diete Nafarroako eta Espainiako Gobernuari. Horrekin batera, irailaren 27rako deituta dagoen nazioarteko grebarekin bat egin eta herritar guztiak parte hartzera animatu nahi dituzte.

Larrialdi Klimatikoari behar besteko arreta eskaini eta politika publiko guztietan dagokion tokia ematea eskatu dute. Nafarroako Gobernuari eskaera zuzena egin dio Berako Udalak, «lehen baino lehen onartu dezala Aldaketa Klimatikoa eta Eredu Energetikoaren Trantsiziorako Legea» eta neurriak hartzera deitu du, «larrialdi klimatiko egoera deklaratzea eskatzen diogu, eta honi aurre egiteko beharrezkoa den karbono gabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza eta politikak abiatzera premiatu». Ez hori bakarrik, etorkizuneko egoeri aurre hartzeko ere eskatu dio: «aldaketa klimatikoaren ondorioz izanen ditugun ondorioetara egokitzeko neurriak hartzeko eskatzen diogu».

Udalak bere aldetik, bere eskumenen baitan, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzeko «konpromiso irmoa» adierazi du. Gainera, babesa eman dio, larrialdi klimatikoaren egoera dela medio, irailaren 27an deituta dagoen nazioarteko grebari eta herritar guztiak parte hartzera animatu ditu. Onartutako mozioa Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioari bideratuko die.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun