Handik hunat, urteroko gauza bertsuak egin ditugu. Bidasoari besarka ematera hurbildu gara. Berriz ikusi eta bisitatu ditugu aspalditik ezagunak ditugun aurpegiak eta paisaiak, betikoak baina aldiro diferenteak direnak. Mendiak eta jendeak aurten ere eskuzabal portatu dira gurekin. Hariztegi xaharrean eta baserri urtetsuan bildu ditugu ustekabeko opariak: onddoak eta solasak (ametsetan hegaka ibiliz gozatzen den gizonaren bizipoza, konparazio batera). Lurrari eta naturari lotuak bizi dira bi tokietan, arbola eta hankabiko animalia, lurrarekin eta naturarekin bakean.
Ostatuak izan ditugu biltoki. Batzuek gonbidatu gaituzte xurrupa egitera eta bertzeek gure kontura hartu dute tragoxka. Eman diogu elkarri bakoitzaren berri. Edantokietan, musika ahaire ederrak aditu ere egin ditugu, bertakoak eta urrunekoak (arrunt bereziak Flandriatik etorririko bi emakumek ekarri zizkigutenak).
Lagun batzuekin sentimendu gazi-gozoen oihanean barna paseatu gara (maitasuna, adiskidetasuna eta istorio), eta bertze bat oinez abiatu da Pirinioak bururen buru gurutzatzera bakar-bakarrik, motxila bizkarrean harturik.
Larhungo kaxkotik ikusi ditugu mundua hondamendira daramaten agintari zitalak, zazpiak bat (sei gizon eta emakume bakarra), pipa pozoitsua erretzen Biarritzeko kasinoan, gure ondasunekin jostetan, milaka polizia armatuk egin duten zerrakuraren barrenean. Arrek, munduaren baloiari ostikoka ari ziren bitartean, euren emazteak Ezpeletara bidali dituzte, abanikoarekin jendea salutatzera, kantinera gisara.
«Eta bertze horrenbertze kontu udaldi honetan»
Mundu honek bertzelako martxa behar lukeela (bertzela, akabo baita) uste dutenak protestan sumatu ditugu, ahal izan duten moduan, ahal izan duten tokian, Urruñan, Baionan, Hendaian, Irunen.
Eta bertze horrenbertze kontu pasa berri den udaldi honetan.
Hondarreko, Hondarribia ere begiz jo dugu, irailaren 8an. Berdintasuna eskatzen duten emakume eta gizonak Kale Nagusian goiti joan dira, arrazoia eta zentzua partitzen eskuin-ezker. Oraindik ere baziren plastikoak, baina joan den urtekoak baino puska ttikiagoak. Kolore beltz bakarrekoen multzoa urritzen ari den bezala, handitzen doa mila kolore biltzen dituenen konpainia, inor baztertuko ez duen alarde baten (gizarte baten) aldekoena.
Egun horretan berean, biderako zakotea prestatu, gurdia zanpeteraino bete, eta abiatu gara hegoaldera, neguko hotzetik eskapo zeruan ikusten ditugun hegaztien gisara. Egun bat guttiago falta da heldu den urteko aldairarako.