«Besta Batzordea indartu nahi dugu, iritzi gehiago biltzeko»

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 21a, 12:30
Rakel Migelena, Igantziko zinegotzia.

Rakel MIGELENA TELLETXEA Igantziko zinegotzia

Aurkeztu zure burua. 
Lesakako fabrika batean lan egiten duen igantziarra naiz. Orain 17 urte hasi nintzen eta hango arduraduna naizenez, ordu aunitzez lan egiten dut. Horretaz gain, bi alaba ditut eta eskolaz kanpoko jarduerak direla eta ez direla, horien araberakoa dute nire eguneroko martxa.

Familia, lana eta Udala...
Bai. Igantziko kultura-zinegotzia naiz eta, Mertxerekin batera, bestak antolatzen ditut. Aitzinetik Jonerekin aritu naiz eta berak bazuen esperientzia. Guk ahal duguna egiten dugu. 

Bigarren agintaldia duzu hau... 
Aitzinekoan hiru urte egin genituen. Talderik atera ez zenez, bilera egin eta herritar batzuk bildu ginen. Hasitako lanak bukatzeko joan den agintaldiko lau eta bertze hiru aurkeztu gara. 

Erabakia hartzea zaila izan zen? 
Bai, beharra ikusita sartu nintzen eta gustura nagoen arren, ez da erraza... 

Bestez gain, bertzelako ekitaldiez ere arduratzen zara?
Sanjuanak antolatzen ere aritzen naiz eta orain kultur ekitaldiekin hasiko naiz, Estirekin. 

Azken aldian herriko bestak antolatzen aritu zarete...
Besta Batzordearekin elkarlanean aritu gara. Aurten bilerara jende gutti etorri da eta hori indartu nahi genuke. Etortzen direnek lan handia egiten dute: goitibeherak, betizuak, herri-kirolak... antolatzen dituzte. Baina pena da, denen iritziak bildu nahi izaten ditugulako.

Udalean sartu aitzinetik Besta Batzordean ibilia zara? 
Ez. Egia erran, sartu naizenean ohartu naiz egiten den lanaz. 

Zein ekitaldi duzu gustukoen?
Orain egunekoak gozatzen ditut gehiago. Betizuak, erraterako, izugarri gustatzen zaizkit. Gazteek erakustaldi ederra eskaintzen dute.

Aldaketak izan dira bestetan?
Bestak baino adinaren arabera bizitzeko modua aldatzen dela erranen nuke.

Zer eskatuko zenieke aurtengoei?
Arazorik gabeko besta parte-hartzaileak izatea.

Bestak bukatuta, egunerokora.
Gogorra izaten da. Udaleko ardurak, guraso elkarteko ostatua... dela eta, lan egin behar izaten dugu. Familiakoekin egoteko ere aprobetxatu nahi izaten dut eta ia atsedenik gabe bueltatzen naiz azkenean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun