Usategietako tradizioaren besta igandean ospatuko dute Lizarietan

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 19a, 08:00
Saratarren eta etxalartarren arteko boteluzeko partida jokatuko dute igande goizean.

Sara eta Etxalarren arteko hitzarmena berretsiko dute eguerdian

Lizarietako gainean, usategien bueltan, egun osoko besta izanen dute irailaren 22an. Artisauen postuak, erakustaldiak, puzgarriak, etxalartarren eta saratarren arteko botaluze partida, karrote botatzeko txapelketa... antolatu dituzte. Sara eta Etxalar arteko hitzarmena berretsiko dute eguerdian, lagunartean bazkaldu eta dantzarako aukera ere ez da faltako.

Igande goizean, 10:00etatik 13:00etara eginen dituzte ekitaldi gehienak. Artisauen produktuen erakusketa eta salmenta, usazaleen paleta egite erakustaldia, haurrentzako puzgarriak eta hamaiketakoa (taloak) izanen dituzte. Goizean etxalartarren eta saratarren arteko botaluze partida ikusteko aukera ere izanen dute bertaratzen direnek. 11:30ean Usategietako makila (karrote) botatzeko munduko V. txapelketa jokatuko da eta ondotik nahi duenak paleta botatzeko aukera ere  izanen du.

Hitzarmena

12:30ean 2011ko irailaren 4ko Sara eta Etxalar arteko hitzarmenaren sinadura berretsiko dute bi herrietako alkateek, Etxalarko Migel Mari Irigoienek eta Sarako Battit Labordek.  Mahaiaren bueltan emanen diete segida bestari, 14:00etan aretxe haragia bazkaltzeko aukera izanen dute Lizaietako zelaian eta bazkalaurrea eta bazkalondoa, Joxe Angel akordeoilariak alaituko du. Egun osoan animazioa ere izanen da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun