Julen Zelaietak irabazi du 28. Lazkao Txiki Bertsopaper lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 16a, 08:30
28. Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketako saridunak eta sari-emaileak, tartean Julen Zelaieta saridun nagusia dela.

500 euro eta ‘Txikia’ oroigarria jaso ditu irailaren 15ean Ordizian

Julen Zelaieta beratarrak irabazi du 28. Lazkao Txiki Bertso paper lehiaketa. Ordiziako Argi berri elkarteak, Udalaren laguntzaz antolaturiko lehiaketan, lehen saria eskuratu du beratarrak, Zor nizun hainbeste lanarekin.

Berako bertsolariaren ondotik, bigarren Errenteriako Aitor Albistur izan da, Per secula seculorum sortarekin eta hirugarrena Oiartzungo Karmele Mitxelena, Bikoitza lanarekin. Zelaietak, Antton Mendizabal eskulturgileak egindako “Txikia” oroigarria eta 500 euro jaso zituen saritzat. Sarituriko lanean, gertaera erreal bat oinarri hartuta, eutanasiaren gaia jorratu du Zelaietak bere lanean. Irailaren 15ean banatu ziren sariak Ordiziako kultur etxean egindako ekitaldi batean. 13 urtez azpikoen mailako eta 14 urtetik 17ra bitarteko gazteen sariak ere banatu ziren ekitaldian. Ordiziako Udaleko eta Argi Berri elkarteko ordezkariez gain, Martina eta Mari Jose,  Lazkao Txiki zenaren ilobak ere sari banaketan izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun