Urte pare bat badira lanean hasi zirela gure herrian dagoen altxor preziatu bat ezagutarazteko asmoz. «Horretarako, Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkartea sortu dugu, irabazi asmorik gabekoa eta helburu nagusia du Roqués organoaren egoera zaintzea eta aberastasun historiko, kulturala eta patrimoniala ezagutaraztea», diote elkartetik.
Hasieratik lankide hurbila izan dute ANAO (Asociación Navarra de Amigos del Órgano) eta haren laguntza eta aholkularitza izan dute. Izan ere, San Martin elizak organo erromantiko ederra gordetzen du, kultura-intereseko ondasun izendatua, baina berritze handia behar duena. Elkarteak hainbat ekitaldi egin nahi ditu ahalik eta laguntza gehien lortzeko, organoa Lesakako kultura eta formakuntzako pizgarri nagusia izateko asmoarekin.
Ginkana
Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak Lesakako Merkatarien Elkartearekin batera, ginkana bat antolatu du, herriko bi ikastetxeetako ikasleei zuzendua. Organoa bera eta haren historia aditzera ematea da helburua, baita irailaren 20 eta 21erako antolatu diren organoari buruzko ekitaldien berri ematea ere. Merkatariek euren erakusleihoetan agerian jarriko dituzte organoari buruzko hainbat testu eta galdera; ikasleek erantzunak bilatu beharko dituzte testu horietan. Ongi erantzuten dutenen artean hiru bonu banatuko dira, eta elkarteko edozein dendatan erabili ahal izanen dituzte.
Egitaraua
Irailaren 20an, ortziralean, 19:00etan, Harriondoa Kultur Etxeko komentuan mahai-inguru bat izanen da organoari buruzko kultura proiektuaz. Bertan izanen dira José Luis Echechipia, organista eta ANAOko lehendakariordea eta Gabi Igarzabal, elkarteko lehendakaria. Haizea eta ura dokumentalaren laburpena eskainiko dute, organoarekin eta haren historiarekin zerikusia duten irudiak eskainiz. Dokumentalaren zuzendari artistikoa eta gidoilaria JoséLuis Echechipia da eta zuzendari teknikoa, Txuma Huarte.
Ekitaldiaren bukaeran, Lesakako Merkatarien Elkarteak sariak banatuko dizkie Ezagutu Lesakako Roqués Organoa ginkanako irabazleei.
Irailaren 21ean, larunbatean, 12:00etan organoari buruzko bisita gidatua emanen du José Luis Echechipiak. Echechipiak berak dioenez, ekitaldi interesgarri bezain entretenigarria izanen da. Bisita gidatuaren barrenean irudiak erakutsiko dira, organoaren barrenean piezak nola mugitzen diren ikusteko. José Luis Echechipiak kontzertua eskainiko du, 19:30ean, Nafarroako organorako musika zizkloaren 35. edizioaren barrenean eta bertan Lesakako Abesbatzak ere parte hartuko du.