Berrizaungo besta eguna berreskuratuko dute irailaren 14an Igantzin

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 11a, 07:22
Berrizaungo bestak 1980ko hamarkadan. Ia 40 urte beranduago berreskuratuko dituzte.

Larunbatean egun osoko besta antolatu dute: dantzariak, trikitilariak, bazkaria, lehiaketak... izanen dituzte

Berrizaunen 1980ko hamarkadan, zenbait urtez, bestak antolatu izan dituzte. Hagitz ongi antolatutako bestak ziren, giro ederrekoak. Auzo ttikia izanagatik, herriko eta inguruko herrietatik jende azkarki animatzen zen.

Egun osoko besta

Aurten, hori berreskuratu nahian, egun bateko besta prestatu dute, irailaren 14rako, larunbaterako. Eguerdian, 12:00etan, botako dute bestari hasiera emanen dion txupinazoa, eta segidan, herriko dantzarien saioa izanen da. Trikitilariekin batera eskainiko dute emanaldia.

14:00etan bazkaria izanen dute, fabrikaren ondoan, trikitilariek alaitua. Dagoeneko salduak daude bazkarirako txartel guztiak. Ondotik, mus eta partxis txapelketak jokatuko dituzte eta ilunabarrean, 19:00ak aldera, hanka lehiaketarekin emanen diote segida bestari.

Txosnaren inguruan emanen diete akabera besta egunari, musika eta dantzarekin. Egun polita pasatzeko aukera herritar guzientzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun