Euskara ikasteko kanpainaren harira egin duten dokumentala ikusgai gaur Lesakan eta Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 13a, 11:00

Adriana, Ernesto eta Sofiaren lekukotasunak bildu dituzte.

Lesakan Harriondoan 19:00etan eta Donezteben zineman 19:30ean.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak, IKA euskaltegiekin elkarlanean, helduek euskara ikasi eta hobetzeko martxan paratu duten aurtengo kanpaina berrikuntza batekin dator, dokumental bat ekoiztu baitute propio.

Bi mankomunitateetatik adierazi dutenez, «ez da dokumental faltsua, guztiz serioa baizik» eta eskualdeko hiru lagunen lekukotzak bildu dituzte: «euskara ikasten hasi berria den batena, dagoeneko tarteko urratsean den ikasle batena, eta bere ikasketa prozesua burutu duen bertze batena».  

Sortzez Zaragozakoa eta Beran bizi den Adriana, Leioatik Zubietara etorri zen Ernesto, eta Hernani utzi eta Bortzirietara bizitzera etorri zen Sofia dira dokumentaleko hiru protagonistak. 30 minutuko iraupena du, euskara eta gaztelaniaz egina da eta azpititulatua.

Dokumentalaren aurkezpenak
Atzo Berako Beralandetan aurkeztu zuten eta gaur, irailaren 13an, Lesakan eta Donezteben eskainiko dute. Harriondoan 19:00etan eta Doneztebeko zineman 19:30ean izanen dira emanaldiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun