Illekuetako bestak irailaren 14an eta 15ean ospatuko dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 12a, 07:15
Larunbat arratsaldean Bera Kantarik doinuz alaituko ditu Illekueta auzoko bazterrak.

Larunbateko bazkarirako txartelak irailaren 10a baino lehen erosi beharko dira

Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, bestak ospatuko dituzte irailaren 14an eta 15ean erako Illekueta auzoan. Aurten ere, auzoko besta batzordeak denetariko ekitaldiak prestatu ditu: dantzak, herri-kirolak, haurrentzat ekintzak, musika...

Larunbatean herri-kirolak eta auzotarren bazkaria

Irailaren 14an, larunbata, Konpane zubitik 12:00etan botako duten txupinazoarekin hasiko dituzte bestak. Ondotik buruhandiak, erraldoiak eta gaiteroak auzoan barna ibiliko dira. 13:00etan herri-kirol saioa eginen dute eta 14:30ean auzotarrak mahaiaren bueltan bilduko dira. Txartelak Auzoa ostatuan erosten ahalko dira irailaren 10a bitarte. 18:00etan mus txapelketa jokatuko dute eta 19:00etan Bera Kantarik doinuz alaituko ditu bazterrak. 20:30ean zezensuzkoa aterako da eta ordu erdi beranduago dantzaldia hasiko da.

 

Igandean haurrak eta dantzariak protagonista

Igandean, hilak 15, 12:00etan meza eginen dute Irigottian eta ordu berean, haurrentzako marrazki lehiaketa antolatu dute.  Illekuetako besta batzordetik jakinarazi dutenez, parte hartu nahi dutenek margoak eraman beharko dituzte eta antolatzaileak papera banatuko dute.

16:00etan haurrentzako jolasak izanen dira eta 19:00etan Gure Txokoa Dantza Taldearen ikuskizuna hasiko da. 20:30ean pintxo dastaketari emanen diote hasiera eta horretarako pintxoak eraman nahi dituenak 19:30 arte txosnan utzi beharko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun