Jende andana bildu zen larunbatean Arantzan egindako elkartasun bestan. Hasteko, herriko trikitilari eta panderojoleekin kalejira egin zuten herriko karriketan barna eta ondotik, ekitaldia hasi zen plazan. Iban Garro bertsolari lesakarraren bertsoek, herriko dantzarien saioak, familiakoen elkartasun keinuak, herritarren, ingurukoen eta lagunen mezuekin osatutako bideoaren emanaldiak eta herritar talde baten kantak borobildu zuten ekitaldia. Ondotik, ehun lagunetik goiti bildu ziren frontoian egindako afarian eta nahi zuenak besta Ekaitza Elkartean luzatzeko aukera izan zuen.