Etxalarko usategietako postuen lehenengo enkantean 29.495 euro bildu dituzte oraingoz

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 9a, 13:00
Ez zen mugimendu handirik izan Etxalarko usategien lehenbiziko enkantean. Argazkia: Jose Mari Telletxea

Ortzirale honetan egitekoa da sexteoa Etxalarko Herriko Etxean

Irailaren 7an, larunbat eguerdian egin zen Etxalarko Usategietako postuen lehen enkantea. Ehiztari gutti bildu ziren eta mugimendu gutti sumatu zen. Horren erakusgarri 21 postuetatik bakarrak izan zuen hobekuntza eta bertze sei hutsik gelditu ziren.

Bi posturik garestienak, zortzigarrena eta hamaikagarrena, 3.335 eurotan eman ziren, hasierako prezioan. Hogeitabatgarrenean bakarrik izan zen hobekuntza ttiki bat, 1.690 eurotik 1.800era igo baitzen. 1, 13, 15, 16, 17 eta 18. postuak hutsean gelditu ziren eta gainerakoak hasierako prezioan eman ziren.

Emandako 15 postuengatik 29.495 euro hartuko ditu Etxalarko Herriko Etxeak eta hasiera batean 34.940 biltzea espero zuen. Gogoratu behar da 2000. urtean 50.000 euro lortu zituela Etxalarko Udalak eta 2004an 81.875 euro.

Irailaren 13an, heldu den ortzirale eguerdiko 12etan bukatzen da sexteorako aukera (prezioaren seiren bat igo beharko litzateke guttienez) eta hutsean gelditutako 6 postuak eta sexteoan mejora izan dutenekin, berriz eginen da enkantea irailaren 17an, asteartea, arratsaldeko 7etan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun