Mattin, Igor eta Sanse lesakarrak preso hartu eta «Espainiako injustizien epaitegiak ehunka urtetako espetxe zigorrak jarri zizkienetik» hamaika urte bete direla gogoratu zuten; baita Mikel Karrera aranztarrari Frantziak jarritako zigorra ere.
Horrekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten 47 lagunak ez zituzten aipatu gabe utzi. «Sufrimenduaren gibelean» dauden guztiei egin zieten tarte: «presoak berak, epaiketaren esperoan daudenak, senideak, lagunak, herritarrak… eta hemen bildu garen dozenaka gazte eta herritar».
Unanutik aldarrikapen oihuak egin zituzten, eta haiekin daudela gogorazi zieten: «zuekin gaude, eta zuekin egonen gara euskal preso eta iheslari politiko guziak etxean izan arte!».
Horretarako, «borroka beharrezkoa» dela adierazi zuten: «presoei gutunak idaztetik hasiz, bisitak egin, ekimenak antolatu, edota horietan parte hartzera. Denen indarra beharrezkoa izanen da presoak itxera ekarri eta preso gehio ez egoteko».
Hurrengo hitzordu «garrantzitsuetarako» gonbidapena eginez akitu zuten martxa: «irailaren 7an, Arantzako herritarra den Haizea Ziluagari babesa emateko elkartasun eguna antolatu dute Arantzan. Irailaren 14an Bilboko karriketan salatuko dugu 47en aurkako epaiketa. Eta irailaren 21ean, azkenik, zubien ekimena eginen dugu preso eta iheslariak askatzea eskatzeko».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!