Ttirriki-ttarraka bideoklip lehiaketa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 3a, 06:30
Lanak irailaren 30era arte bidal daitezke.

Kanta aurkeztearekin batera, bideoklipa aurkezteko epea irailaren 30era arte ireki du Tantirumairu Ikastolak.

Tantirumairu ikastolak, neska-mutikoengan ohitura osasuntsuak sustatu eta bidenabar, ikastetxeean sartzeko orduan sortzen diren auto-pilaketak  saihesteko asmoz, Ttirriki-ttarraka egitasmoa abiatu zuen joan den ikasturte bukaeran. 

Horren helburua goizero ikastolara ahalik eta ikasle gehien oinez hurbiltzea da. Horretarako bi ibilbide proposatu zituzten: Ttirriki, 08:40an Eltzetako plazan abiatu eta Bittiria, Erdiko Errota eta Plaza Zaharrean barrena ikastolara 08:55ean ailegatzen dena; eta Ttarraka, Itturrunzubiko plazako iturrian 08:45ean elkartu eta Antoiu karrikan eta Eskol-Ttikin barrena ikastolara joaten dena.

Orain, egitasmoa indartzeko kanta bat sortu dute, Bortzirietako Bertso eskolaren eta Lesakako zenbait musikariren laguntzaz (https://www.tantirumairuikastola.com/ttirriki-ttarraka atarian entzugai). 

Bideoklip lehiaketa
Kantaren aurkezpenaz gain, bideoklip lehiaketa antolatu dute. Kanta hori oinarri duen bideoa sortu ondotik, Youtube edo Vimeora igo beharko dute. Gero, lotura ondoko helbidera bidali behar dute: idazkaritza@tantirumairu.eus. Lanak irailaren 30era arte bidali ahal dituzte, eta ondotik, Tantirumairu ikastolak izendatutako epaile taldeak erabakiko du saridunen zerrenda. 

Irabazleak 300 euroko saria jasoko du eta 16 urte arteko bideoklip onenak Irrisarrilanderako Baxiko Natura sarrera (sei lagunendako). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun