Euskara ikasteko eta hobetzeko kanpainaren harira dokumentala egin dute

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 2a, 13:09
Dokumentalaren trailerreko momentu bat.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak, IKA euskaltegiekin elkarlanean, helduek euskara ikasi eta hobetzeko kanpaina prest dute.  Kanpaina euskaraz ez dakitenei eta pixka bat dakitenei zuzendua da, baita ikasten ari direnei. Baina herritar ororen interesekoa da.

Euskara ikasi nahi duten helduendako izen-ematea zabalik da irailaren 2tik 30era, Bortzirietako eta Malerrekako IKA euskaltegietan eta Bortzirietako eta Malerrekako biztanleek euskara doan ikasteko aukera dute.

Kanpaina ezagutzera ematearekin batera, 30 minutuko dokumentala ere egin dute. Ez da dokumental faltsua, guztiz serioa baizik. Eskualdeko hiru lagunen lekukotzak bildu dituzte: euskara ikasten hasi berria den batena, dagoeneko tarteko urratsean den ikasle batena, eta bere ikasketa prozesua burutu duen bertze batena. Herritarrak euskaltegietara animatzeko, dagoeneko trailerra zabaltzen hasiak dira, aurkezpenen berri emateaz bat.

Aurkezpenak

Irailaren 12an Beran, Beralandetan, aurkeztuko dute 19:00etan; biharamunean, berriz, Lesakako Harriondoan. Malerrekan, Donezteben aurkeztuko dute, zineman, 19:30ean.

Dokumentalaren sinopsia

Adrianak, Ernestok eta Sofiak jatorri eta bizitza esperientzia desberdinak dituzte, baina hirurak batzen ditu euskara ikasteko erabakiak. Adriana Zaragozan sortua da, eta duela zenbait urte etorri zen Berara bizitzera. 2018an euskaltegian hasi zen, eta dagoeneko sumatzen du aitzinamendua. Sofia aspaldi etorri zen Hernanitik Bortzirietara bizitzera, lan kontuak tarteko. Alaba Beran euskaraz hazten ikusi du, baita bere euskara ikasteko gogoa ernetzen ere. Euskaltegian urte batzuk egin ditu honez gero eta oinarrizko komunikatzeko gaitasuna lortu du. Ernesto Leioan jaio zen, Bizkaian. Aunitz eta agudo hazi zen hiri horretan gaztelania zen nagusi. Gaztetan, euskara ikasteko eta hobetzeko harra piztu zitzaion, eta horrek eraman zuen Leioako Kandela-Zubietako auzotik, Malerrekara, Zubietako etxe batera euskaraz murgiltzera. Gaur egun euskaraz bizi da; Zubietako alkate eta Doneztebeko eskolako zuzendari ere bada. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun