Eneko Gurrutxagak eta Maria Gomezek irabazi dute Igantziko mendi duatloia

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 2a, 11:45
Erreleboka Axier Aburuza eta Enaitz Roteta izan ziren irabazle.

Eneko Gurrutxagak (01:40:07) eta Maria Gomezek (02:16:31) irabazi zuten irailaren 1ean Igantzin egin zen I. mendi duatloia. Banaka 47 lagunek osatu zuten ibilbidea: 4,3 kilometro laster egin ondotik, 18 kilometro bizikletaz eta bertze 4,3 lasterka egin zituzten parte-hartzaileek.

Gurrutxagaren ondotik, lau segundu eskasera, sailkatu zen Xabier Astigarraga; eta hirugarren izan zen Jon Aperribai Uribetxebarria (01:45:18). Gomezen ondotik, Jessica Hernandez (02:26:25) eta Laura Perez (02:26:49) izan ziren, sailkapen orokorrean 40. eta 41. postuak eskuratu zituztenak. Irabazleek 120 euro eta oroigarria; bigarrenek 80 euro eta oroigarria; eta hirugarrenek 50 euro eta oroigarria jaso zituzten saritzat.

Erreleboka

Erreleboka guztira 32 bikotek egin zuten proba. Axier Aburuza eta Enaitz Roteta izan ziren bizienak (01:36:22). Oroigarria eta hurrengo probarako izen-ematea jaso zuten saritzat. Juan Maria Indakoetxea eta Aitor Begino sailkatu ziren bigarren (01:42:35) eta Xabier Irazoki eta Iñigo Arrieta hirugarren (01:46:25).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun