Agerrako bestak argazkitan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 26a, 09:45

Ortziralean lehertu zen bestei hasiera eman zien txupinazoa baina aitzinetik ere mugimendua izan zuten herrian. Ortzegunean futbito txapelketa eta afari autogestionatua izan zituzten.

Ortziralean, 20:00etako txupinazoaren aitzinetik, tortilla lehiaketa egin zuten eta herrian barna ibili ziren kantari. Txupinazoaren ondotik, berriz, haur eta helduek danborrak astindu zituzten eta 21:30ean auzo-afarian bildu ziren. Txamukos mariatxi taldearen emanaldiarekin akitu zuten eguna.

Larunbatean ere besta giro betea izan zuten: saskibaloia, plater-tiraketa, esku pilota, haurrendako jokoak, frontenisa... izan zituzten eta horrez gain, lasterkariek urteroko hitzordua izanen zuten. Luis Mari Apeztegiaren omenez egiten den herri krosa. 38. edizioa izan zuten.

Herri-krosa

Proba 18:00etan hasi zuten haurren lasterketekin. Txikienek 150 metroko distantzian parte hartu zuten, aurrebenjaminek 300 metrotan, benjaminek 400 metro osatu beharko dituzte, alebinek 800 metro eta infantilek 1.200 metro.

18.30ean helduen txanda izan zen, bertan, junior, senior eta beteranoen mailako lasterkariek parte hartu zuten. Junior mailako gizon eta emakumeek bi bira eman zizkieten auzoko zirkuitoari, 2.900 metro osatuz. Senior eta beteranoek, berriz, lau itzuli egin zituzten, 5.800 metro osatzeko.

Segidan, Gure Txokoa dantza taldeak emanaldia eskaini zuen eta ondotik zezensuzkoak hartu zituen karrikak. Bokata janez su artifizialak ikusi zituzten eta dantzaldia izan zuten.

Igandea izan zuten hondarreko eguna. Erraldoi eta buruhandien harat-honatak izan ziren goizean. Gaztetxoek apar artean gozatzeko aukera izan zuten. Muxikoak dantzatu ondotik, herri-bazkarian bildu ziren. Arratsaldean Hodei magoaren ikuskizuna izan zen. Txokolate beroak goxarazi zuen arratsaldea eta indarrak hartuta dantzaldian bildu zen auzoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun