Arantza Rock jaialdiaren 24. edizioa ospatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 21a, 10:00

23:00etan hasita Goflow, Nikotina, Herdoil eta Iluntzean taldeek kontzertua eskainiko dute Arantzako plazan. Hori baino lehen, ilunabarrean Elektrozarata elektrotxaranga gonbidatu du Arantzako Gazte Asanbladak.

Hitzorduari hutsik egin gabe, aurten 24. urtez Arantza Rock musika jaialdia antolatu du Gazte Asanbladak. Lau talderen doinuekin gozatzeko aukera izanen dute larunbat honetan, abuztuak 24, Arantzara hurbiltzen direnek. 23:00etan hasiko dira kontzertuak, baina hori baino lehen, girotzeko poteoa antolatu du Gazte Asanbladak, Iruñerriko Elektrozarata elektrotxarangarekin.

Goflow, Herdoil, Nikotina eta Iluntzean taldeak dira aurtengo gonbidatuak. Goflow Oiartzungo bi abeslarik eta Selekta DJ irundarrak osatzen dute. Herdoil duela bortz urte Iruñerrian sortutako punk-oil taldea da; Nikotina, berriz, 18 urteko tolosarraren taldea da. Orain dela urte batzuk hasi zen rapeatzen eta lagun artean idazten. Rap eta reggae musikaz gain, dancehalla ere egiten du. Eta Iluntzean, zazpi lagunek osatzen duten Iruñerriko taldea da, skapunk musika jotzen dute eta bertsioak eta abesti propioak jotzen dituzte.

Kontzertuetara sartzeko bortz euro ordaindu beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun