Lehen aldiz Muxikoak dantzatu dituzte Berako bestetako hondar egunean

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 7a, 08:15

Arratsero Altzate karrikan dantza herrikoiak egin dituzte Berako bestetan, Ezpelur gaiteroekin. Hondar egunean ere, baina horretaz gain, eguerdian Muxikoak dantzatu zituzten lehen aldiz Altzateko parkean. Talde handia bildu zen. 

Izan ere, astero 30 bat lagunek ikasten dituzte euskal dantzak, Larraindantza eta tartean Muxikoak Beran. Aurten txupinazoa bota zuenetako bat, Mikel Iturria Linazasoro dute irakasle. Berak aipatu digunez, «duela bi urte hasi ginen eta bi talde ditugu dantzari “beteranoekin”, denak jubilatuak. 8-10 pertsona hasi ziren eta ahoz ahokoak funtzionatu zuen eta orain bi talde ditugu, 20 bat hasi berriak eta bertze zortzi. Asteartero arratsaldeko 6etatik 7:30era talde bat eta 7:30etik 9etara bertzea, beteranoena. Bestetako karrika-dantzetan ere talde handia elkartzen da, baina edozein igandetan bada dantzatzeko aukera, Irunen, Hondarribian, Hendaian, Donostian…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun