Musikak eta dantzak leku berezia izaten ari dira aurten ere Berako bestetan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 5a, 18:00

Musikarik eta dantzarik gabe nekez uler daitezke Berako bestak. Txupinazoa baino lehen dantzan hasten da Gure Txokoa dantza taldea eta zer erranik ez San Esteban egunean. Baina horretaz gain, gauero dantza herrikoiak izaten dituzte Altzate karrikan, gero eta jendetsuagoak. Abuztuaren 6an, besten hondar egunean muxikoak dantzatzeko aukera ere izanen dute Altzateko parkean, 12:30ean. Musikak ere leku berezia du, bai dantzarako, baita aditzeko ere. San Esteban egunez, abesbatzak elizan kantatu zuen goizez eta musika bandak bere ohiko emanaldia eskaini zuen arratsaldean, dantzarien saioaren ondotik. Horretaz gain, Altzateko txoznagunean kontzertuak izaten dituzte: Joseba Irazoki eta bere lagunek emandakoaren argazkiak horren lekuko. Eta goizero, trikitilari eta panderojoleak, txistulariek edo Ezpelur taldeko gaiteroak, auzoz auzo eskaintzen dituzte beraien dianak. Abuztuaren 6an, Bera Kantari eta Ezpelur aterako dira Garaitarreta eta Suspelttiki auzoetan.

Musika eta dantza, bestak hasi eta bukatu bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun