Emakumearen Memoriaren Baratzearen urteurren besta egin dute Arantzan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 1a, 06:30

Uztailaren 20an Emakumearen Memoriaren Baratzearen urtemuga ospatu zuten. Emanaldiari bi irrintzik eman zioten hasiera.

Mentxu Peñaren testua izan zen lehendabiziko irakurri zutena, eta baratzearen sorrera ekarri zuten gogora:

“Gure memoria arront ttikia da. Ahanztura da nagusi, eta batez ere, emakumea. Orain hainbertze hitz egiten dela Memoriaren inguruan, badirudi emakumerik ez dela izan, eta izan bada Sorgina, Juana de Arco, Agustina de Aragon, Catalina de Erauso (monja alférez)….eta horrelako berezi batzuk bertzerik ez. Gure memoria ttikia delako, hain zuzen, sortu dugu Emakumearen Memoriaren Baratzea"

Kanta eta musika lagun Osina iturrirantz jo zuten gero. Hiru emakumek arropak nola garbitzen zituzten irudikatu zuten. Segidan Juana Larraldek eta Gurutze Pikabeak bildutako testigantzak izan ziren entzungai.

Zubien azpiko galtzada izan zuten hurrengo geldigune. Bertan emakume batek eta hiru gizonek oroimenaren inguruko testu txikiak adierazi zituzten.

Iturriberrin Etxalarko Juxta Iparragirreren historia oroitu zuten, Koro Irazokik egindako testua irakurriz. Gero, iturrira hurbildu ziren eta bertan inkisizioari buruzko testu bat irakurri zuten.

XVII. mende hasieran Logroñoko Inkisizioko Tribunalean sorginataz akusatuak izan ziren Bortzirietako emakumeak ere ekarri zituzten gogora; Agirreko Mari Martin, Lizardiko Katalina, Agirreko Sabbadina, Permosako Graziana, Arantzako Maria, Xaurigiko Katalina, Mirandako Graziana, Peñako Maria, Ezpondako Katalina, Erausteko Maria, Casanobako Domenxa, Ortzaizko Madalena, Altzuarako Maria, Antoko Joana, Endarako Maria, Larraingo Beronika eta Martilopizeneko Graziana. 

Plazara jo zuren gero, eta bertan herriko emakumeei eskainitako hitzak izan ziren entzungai. Ospakizuna baratzean borobildu zuten. Datzarien mugimenduak ikusi artean Miren Aingeru Saralegik egindako testua aditu zuten.

Azken kanta eta dantzarekin borobildu zuten besta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun