Jose Garcia zena omendu dute Berako XVI. Txirrindularitza Sarian

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 29a, 09:01

Kadete mailako txirrindulariei zuzendutako uztailaren 28ko lasterketan Quesos Albeniz taldeko Jon Chamorro nagusitu zen

Berako XVI. Saria txirrindularitza Saria jokatu zen uztailaren 28an, Gure Txokoak antolatua. Kadete  mailako txirrindulariek 44 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten. 29 txirrindularik bukatu zuten lasterketa eta horien artean, Quesos Albeniz taldeko Jon Chamorro nagusitu zen. Lasterketa baino lehen, omenaldia eskaini zitzaion Jose Garcia Sacristan zenari. Herriko albientea izana, txirrindulazale amorratua zen eta berekin errepidean ibilitako lagun-taldea, alarguna, seme-alabak eta biloba izan ziren ekitaldian. Gure Txokoak lore-xorta eman zion familiari.

Bera inguruko zirkuituari hamar itzuli eman behar zizkioten txirrindulariek eta azken itzulian erabaki zen lasterketa. Tropeletik ihes egin zuten Quesos Albeniz taldeko Jon Chamorrok eta Gama-Scania-Erro y Eugui taldeko Aimar Berangok eta Igor Iparragirrek. Azken hau, ordea, erori egin zen Zalain Zokoko biderako sarreran eta bi lehenbizikoen artean jokatu zuten garaipena sprintean. Chamorro nagusitu zen, baina aipatzekoa da Berangoren kiroltasuna, txalotu egin baitzuen arerioaren garaipena. Biek ordubete, 4 minutu eta 4 segundo behar izan zituzten lasterketa burutzeko. Tropela 33 segundora sartu zen eta sprintean Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar nagusitu zen, hirugarren postua eskuratzeko. Taldeka ere Quesos Albeniz izan zen onena, Gama-Scania-Erro y Eugi bigarren eta Sakana Group Aralar TT hirugarren. Tarteko helmugetan Sakana Groupeko Alex Lopetegi izan zen garaile eta sprint berezietan Ega Perfil taldeko Max Agirre.

Sari banaketan, Jaione Dozagarat Gure Txokoako lehendakaria eta Alberto Retegi eta Joseba Lasarte txirrindularitzako ordezkariak izan ziren.

 

SAILKAPENA

  1. Jon Chamorro (Albeniz) 1.04.04
  2. Aimar Berango (Scania), d.b.
  3. Hugo Aznar (Albeniz), 1.04.37
  4. Martxel Etxeberria (Sakana Group), d.b.
  5. Ibai Azanza (Cafenasa), d.b.
  6. Santiago Escobar (El Caserio), d.b.
  7. Ismael Goñi (Scania), d.b.
  8. Aimar Tadeo (Sakana group), d.b.
  9. Jon Erdozia (Sakana Group), d.b.
  10. Mikel Uncilla (Albeniz), d.b.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun