Tantirumairu Ikastolako patioa kristalez eta zaborrez beteta agertu da

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 24a, 10:30
Zaborrez eta kristalez beteta agertu da Tantirumairu ikastolako patioa.

Lesakako Tantirumairu Ikastolako jolastokia irekita egoten da urte osoan herriko haur, familia eta gaztetxoak han egon eta jostatzeko. «Gehiengoak» erabilera egokia egiten duen arren, «urtean zehar zikin edota gauzak hautsita» agertu izan dira eta azken asteburuetan «areagotuz joan da arazoa».

Sanferminetan, «hori errepikatu zitekeela aurreikusita», bestek iraun bitartean instalakuntzak ixtea erabaki zuten. Hala ere, «ataka eta sarea bortxatu eta barrenera sartuz, patioa kristalez eta zaborrez beteta agertu zen eta zenbait ekipamendu ere hondatuta» adierazi digute penaz Tantirumairu ikastolatik.

Patioa txukundu ondotik, bestetarako itxitako atakak ohi bezala berriz ireki zituzten. Orain, bertzeren artean, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako udalekuetako haurrak ere erabiltzen ari dira instalazioak. Hala ere, bigarren asteburuz jarraian, «patioa botilen kristalez beteta, zikin eta txiskeroekin egindako zenbait su ttikiren arrastoekin» agertu da.

Haurrentzat «desegoki eta arriskutsu» agertu da eremua. Gainera, garbitzaileen lana «anitz zailtzen» da eta baita auzolanean ekipamenduak txukun mantentzeaz arduratzen diren gurasoena ere. Irekita mantendu eta modu librean erabili ahal izateko, «denen artean zaintzea beharrezkoa da» aipatu dute ikastolako batzordetik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun