«Seme-alabek guk uste baino arinago hartuko dute bestaren lekukoa»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 13a, 07:30
Ainara Arburua Olagarai

Ainara ARBURUA OLAGARAI, Etxalarko zinegotzia

Proposamenak harritu bazuen ere, baiezkoa erran eta dagoeneko zinegotzi lanei neurria hartzen hasia da Ainara Arburua: «hasieran eskuak burura eraman nituen baina gero pixka bat hausnartuta pentsatu nuen, 'zertaz ez?'. Azkenean norbaitek egin beharreko lan bat da».

Lehendabiziko aldia du Udalean, baina, ez herrigintzan: «Altxata eta Guraso Elkartean ibili izan naizenez, guti goiti-beheiti badakit zer den horrelako tokietan lana egitea». Gainera, «udaleko funtzionamenduan hainbat kontu hagitz desberdinak diren arren, ikasteko gogoz» dagoela dio.

Lanerako garaia
Kultur arloko ardurak hartu ditu bere gain eta lehendabiziko lana bestak antolatzea izan da: «aitzineko agintaldikoek programa osatua utzi dute, gure lana azkeneko xehetasunak lotzea izan da». Badaki aurten bestak bertze modu batean bizi beharko dituela: «gazte-gaztea nintzelarik asaua antolatu izan nuen urte aunitzez. Herri-afarian ere aritu naiz hainbat urtetan lanean. Haurrak izan ondotik, bestan parte hartu bai baina lanean ez naiz aritu izan. Orain da horretarako garaia». Izan ere, seme-alabek laster hartuko dute bestan euren tokia, «guk uste baino arinago hartuko dute bestaren lekukoa».

«Haurrak izan ondotik, bestan parte hartu bai baina lanean ez naiz aritu. Orain da horretarako garaia»


Betikoa eta berrikuntzak
Bestan gozatzeko, egitarauan ez da urteroko osagairik faltako: «berbenak, kirolak, herriko dantzariak, haurrentzako ekitaldiak... Lehengo urtean Beti Gazteko sokatiralariak etorri ziren eta aurten ere zerbait berezia eskaintzeko asmoa omen dute eta Tio Teronen semeak taldearen dantza ikuskizun berezia ere izanen da».

Herritarrak dira bestetako protagonista, lanerako eta gozatzeko: «bazter guztietan bestak izaten direnez, kanpotik jende aunitzik ez da etortzen. Batez ere herrikoak eta hurbilekoak biltzen gara eta horixe da nire ustez herri ttikietako bestek duten xarma; herriko guztiak bestan elkartzea». Dena den, inor bestarako gosez bada, gonbidapena luzatu nahi izan du: «nahi duenak ateak irekiak dituela, ongietorriak izanen direla eta momentu polit eta eder batzuk pasatzeko aukera izanen dutela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun