«Jarrera aldatzen ez badugu egoera hagitz larria izanen da»

Gurutze Pikabea 2019ko uzt. 28a, 10:00

Lorea Flores joan den azaroan hasi zen Greenpeacen lanean.

Lorea Flores Compains, Greenpeaceko hego Euskal Herriko koordinatzailea

Kontent dago azaroan hasitako ibilbide berriarekin, «aunitz ikasten» ari dela kontatu digu. Madrilgo bulegoaren eta Hego Euskal Herriko taldeen artean bitartekari-lana egitea tokatzen zaio

 

Ttiki-ttikitatik argi izan du bidea Lorea Flores Compainsek (Lesaka, 1985). Haurra zenetik erakarri dute animaliek eta naturak, eta hari horri tiraka eman ditu bizitzako urratsak. Ez ditu ahantziak Iruñean bizi zela amatxirekin animaliak ikustera egiten zituen ateraldiak eta hark kontatzen zizkion kontuak. Oinarrizko ikasketak bukatutakoan ez zuen zaletasuna alde batera utzi eta biologia ikasketak eta doktoretza egin zituen. Gerora, urte batzuk eman zituen ikerketan, eta «polita» dela onartu arren, horrek «kanpora aunitz joatea» eskatzen duela eta «posizio iraunkor bat lortzea zaila» dela ikusita, bertze zerbaiten bila hasi zen. Gainera, argi zuen «Lesaka aldean» bizi nahi zuela. Hala jaso zuen «biologo batentzat ametsa» izan daitekeen lan eskaintzaren berri, Greenpeace nazioarteko erakunde ekologistan lan egiteko aukeraren berri, hain zuzen. «Itxaropen handirik gabe» aurkeztu bazen ere, probak gainditu eta lanpostua beretzat izan zen. Azaroaz geroztik, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea da.

Zein dira Greenpeacen lehentasunak? 

Lehentasun nagusia gaur egungo krisi klimatikoaren aitzinean mugitzea eta alternatibak proposatzea da. Fridays For Future bezalako mugimenduekin elkargune bat sortzen ari gara eta mobilizazioen bidez, egoera zein den agerrarazi nahi dugu. Nazio Batuen Erakundeko zientzialari talde batek klima-aldaketari buruz iaz egindako ikerketaren arabera, 12 urte ditugu gauzak aldatu eta klima-aldaketaren eraginak gibelera bueltarik gabeak izan ez daitezen. Lurraren tenperaturaren igoerak gradu bat eta erdi baino altuagoa ezin duela izan adierazia dute. Hortaz, gauzak aldatzen ez baditugu egoera hagitz larria izanen da gure biziraupenerako. Horrekin lotuta, kanpainak martxan ditugu. Uztailean, erraterako, Greenpeacen itsasontzi bat energiaren inguruko bira bat egiten ari da klima-aldaketaren ondorioak eta eragile nagusiak zein diren ikusarazteko. Energia kolaboratiboaren inguruan dauden iniziatiben inguruko (Goiener, Energia Gara...) informazioa zabaldu eta jendea horretara bultzatu nahi dugu. Batzuetan ardura gobernuena, politikariena eta enpresena dela uste dugu baina gurea ere bada. 

Kanpaina gehiago ere badituzue... 

Bai. Batetik, ozeanoak babesteko helburuarekin, Artic Sunrise itsasontzia bira bat egiten ari da. Ozeanoak nazioarteko urak direnez, arauak ez daude garbi eta espezie aunitz egoera larrian daude. Petrolio erauzketen edo arraste-arrantzaren ondorioz, kalte hagitz larriak jasaten ari dira. Kanpaina horren helburua mundu mailako hitzarmen bat egitea da, nazioarteko uretan dauden ozeanoen %30a guttienez 2030erako babestuko lukeena. Zonalde batzuk santutegi izendatuz, horietan giza-jarduera guztiak debekatzea nahi dugu. Gune horiek biodibertsitatearentzat babesgune baldin badira, bertze guneentzat ere laguntza-iturri izanen dira. Bertzetik, irailera begira eskolak egin nahi ditugu. Greenpeacen nortasun ikurretako bat modu baketsuan jokatzea da eta sortzen ari diren mugimenduei nola jokatu erakutsi nahi diegu. Fridays For Future mugimenduarekin bertze mobilizazioak egin eta udaletxeetan mozioak aurkeztuko ditugu neurriak har ditzaten. 

Klima-aldaketaren ondorioak zein dira? 

Azken hilabeteotako bero-kolpeak, adibidez, horren ondorio dira, eta gero eta handiagoak eta ugariagoak izatea espero da. Ez hori bakarrik. Ura ere guttiago izanen dugu, bai edateko, bai ureztatzeko baita bertze edozein gauzetarako ere, eta gainera, hondakinak uretara botatzen segitzen badugu kutsatua. Suteak izateko arriskua ere areagotzen da, horrek dakarren galera ekonomiko, pertsonal eta guztiarekin... Beti izan dira eguraldi aldaketak, baina oraingoak aunitzez ere katastrofikoagoak dira. Gero eta bero handiagoa egiten du, euririk gabe idorteak sortzen dira eta euri aunitz egitean uholdeak. Hori gestionatzen ikasi behar dugu.

Jendea kontziente da hortaz? 

Azken aldian egiten diren egitasmoekin gero eta kontzienteagoa dela nabari da: plastikorik gabeko astea, haragi kontsumorik gabeko astea... Halako erronka aunitz sortzen ari dira gizartetik eta horrek neurri batean kontzientziatuagoak gaudela adierazten du. Hauteskunde kanpainan ere nabaritu zen gero eta gehiago solas egiten dela gaiaz. Baina orain egitea, ekintzetara pasatzea, tokatzen da.  

«Sortzen den plastikoaren %20a bakarrik birziklatzen da»

 

Zer proposatzen duzue? 

Tarteka antolatzen ditugun ikastaro eta tailerretan, bertzeak bertze, erosten dugunetik zaborrontzira ailegatu arte nola berrerabili erakusten dugu; edo energiaren kasuan, faktura ordaintzen duen kontsumitzaile arrunta izateari utzi eta energia nola sortu dezakegun edo bertzelako energia nola kontsumitu dezakegun azaltzen dugu. Hortik aparte, ez da gauza bera bertako produktu ekologikoak eta garaikoak erostea edo supermerkatu handietan modu industrialean eta plastiko indibidualekin estaliak dauden produktuak erostea. 

Eskualdean zein da egoera? 

Badira alde onak eta txarrak. Hondakinen aldetik, herrigune ttikiak izanda, errazagoa da sortzen den hondakin kopurua kudeatzea. Materia organikoaren kasuan, adibidez, aukera aunitz ditugu. Mankomunitateek konpostajearen aldeko apustua egin dute eta gisa horretara, bertan berrerabiltzea eta garraioak sortzen duen gastua saihestea lortzen da. Gainerakoan, aunitz dira egunerokoan denda ttikietan eta oihalezko poltsa edo saskiekin erosketak egiten dituztenak eta hagitz ohitura onak dira. Alde negatiboena garraioarena da. Zerbitzuak IruÒean, Irunen edo Donostian ditugu eta garraio publikorik ez izanda, autoz mugitu behar dugu.  

Plastikoa ere kezka-iturri garrantzitsua da. Zenbateraino? 

Plastikoa bazter guztietan dago. Horren aitzinean, herritarrei erosketak modu kontzientean egiteko eskatzen diegu, adibidez, etxetik ontzi berrerabilgarriak eramanez. Enpresekin ere lan handia dago egiteko. Plastikoa hain merke ekoitzita, ez diote benetan duen balioa ematen. Sortzen den plastikoa hondakin moduan gestionatzeak balio izugarria du eta gestionatzen ez denean ere hala da, naturara doalako. Plastikoak sortzen duen kutsaduraren balioa prezioan sartuko balitz ohartuko ginateke benetako balioa zein den. 

 

Zer gertatzen da sortzen den plastikoarekin? 

Edukiontziak kudeatzen dituen Ecoembes erakundearen arabera, %80a birziklatzen da.Baina hori ontzira ailegatzen denaren portzentajea da. Zer gertatzen da ailegatzen ez denarekin? Greenpeacen txostenak dio sortzen den plastikoaren %20a bakarrik birziklatzen dela. Alegia, gainerako %80aren zati bat zabortegietan lurperatua gelditzen da eta bertze zati handi bat itsasora doa. 

Irudi ikusgarriak ikusi ahal izan ditugu itsasoan...

Bisualenak denok ikusi ditugunak dira: baleak kiloka plastiko jan eta hilda, animaliak plastiko artean trabatuak... Denborarekin plastiko horiek degradatu eta mikroplastikoak sortzen dira, eta horiek leku guztietan daude: Antartikoko izotzetan harrapatuak, jaten ditugun arrainen urdailetan, iturriko urean... Oraindik ez dute %100ean frogatu zein izan daitezkeen horrek osasunean izan ditzakeen ondorio negatiboak, baina produktu kimikoak dira eta arazoak sor ditzaketela uste dute. 

Enpresen aldetik zein da jarrera? 

Legeak behartuta, enpresa aunitz erabilera bakarreko poltsak kentzen hasi dira. Baina gero eta gehiago dira plastikoen ordez paperezko edo egurrezko materialak erabiltzen hasi direnak eta horrek ere kezkatzen gaitu, horiek ere erabilera bakarrekoak direlako eta baliabideen kontsumoak segitzen duelako. Kontua ahalik eta guttien erabiltzea da eta erabiltzen duguna denbora gehiagoz erabiltzea edo berrerabiltzea. Kate lineal hau zirkular bihurtu beharko genuke.

Eta Administrazioaren aldetik? 

Nafarroako kasuan, 2018an hondakinen inguruko lege berria onartu zuen Gobernuak eta hainbat neurri aurrerakoi hartu zituen. Estatu mailan, PSOErekin ere gauza batzuk aitzinera atera dira. Gobernu aldaketarekin, ikusiko da zer gertatzen den. Hartzen dituzten neurriak borondate politikoaren araberakoak dira.  

«12 urte ditugu ondorioak atzera bueltarik gabeak ez izateko»

 

Etorkizuna nola ikusten duzu? 

Ez da beltza, oraindik irtenbidea badela argi utzi nahi baitut, baina gorria dela erranen nuke, egoera larrian baikaude. Jendeak erantzuten du eta mugimendua izateak itxaropen pixka bat sortzen du, baina hori eta gehiago behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun