«Hunkigarria da plaza bete herritar Arantzako Dantza Luzea dantzatzen ikustea»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 12a, 07:30
Aintzane Iturria Iparragirre

Aintzane ITURRIA IPARRAGIRRE, aranztarra

Herrian egiten du bizia eta bizia ematen dio herriak. Bistakoa da hori Aintzane Iturria Iparragirreren (Arantza, 1985) kasuan. Sustraiak ongi errotuak ditu sorterrian, badaki zer den herrigintza, badaki zer den auzolana, eta gustuko du herriko ekintzetan parte hartzea. Atsegin du bere lanbidea ere. Irakaslea da ofizioz, eta ikasturtea «hagitz ongi» joan zela eta «ustekabean udako oporrak» ailegatu zitzaizkion arren, gustura dabil egun libreez gozatzen, «semeekin lasai egoteko» aprobetxatzen.

Aspertzeko astirik gabe
Ate-joka diren herriko bestetan ez du etxean gelditzeko asmorik. Batean zein bertzean ibiliko da, «beti badugulako kanpoan ibiltzeko aitzakiaren bat». Lehenbiziko egunean, adibidez, eguerdirako plazan izaten da: «haurren dantza saioa ikusten, tartean semea». Gero «herri-bazkarira joaten naiz, baina arratsaldez berriz haurrekin bueltaka ibiltzen gara». Abuztuaren 15a ere «polita» da beretzat eta Arantzako Dantza Luzea ikusita, «familia eta lagunekin Goiko Karrikan biltzen gara, giro ederrean». Arratsaldean, berriz, «mahai inguruan» egoten da, «baserrian familia guztia elkartzen garelako», eta ondoko egunetan ere «ez dugu aspertzeko tarterik izaten». Ez egunez ezta gauez ere. Egunez familiarekin eta «gauez lagunartean afaltzea edo auzoetako afarira joatea gustatzen zait».

Herriko dantzari lotuta
Ama denetik ez du Arantzako Dantza Luzea dantzatu. Baina urte azkarkiz jantzi zuri-gorria soinean ibilia da, «sei bat urterekin neska-dantza ikasten hasi» zenetik. Berezia da beretzat herriko dantza; «bestetako ekitaldirik inportanteena» dela dio: «ez dago bestarik Dantza Luzerik gabe. Txistu soinua aditzea eta plaza bete neska-mutil dantzan ikustea hunkigarria da».

Etxetik datorkio dantzarekiko miresmena. Atautxi, ama, osaba, izeba, anaia... dantzariak izanak dira edo dira. «Ttikitatik etxean ilusio handia sumatu dut dantzaren inguruan». Are gehiago: «urte batzuez dantzatu ez bazen ere, 70eko hamarkadan herritar batzuen eskutik, gazte talde batek, tartean nire amak, dantza berreskuratu zuten». Haiek ereindakotik jaso dute ondokoek eta ez du etenik izan geroztik. Horri esker, «dantza bizirik dago eta badu etorkizuna». Horretan berak ere badu bere partea, ttikiei erakusten aritzen baita: «esperientzia polita da ondoko belaunaldiek ilusioz dantza ikasten dutela ikustea».

Azken urteotan erakusle izan bada ere,  «semeak koskortzen ari direnez, agian berriz dantzan» hasiko dela aitortu digu. Ez du zehaztu noiz, baina seme zaharrena heldu den urtean Arantzako dantza ikasten hasiko dela aintzat hartuz, itzulera ez da denbora luzeko kontua izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun