Berako VI. Gau Krosa abuztuaren 1ean eginen dute

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 30a, 19:00
Gau Krosaren ibilbidea egiteko elkarretaratzea egnen dute uztailaren 24an, asteazken gaueko 10etan Altzateko plazan.

Lasterketaren aitzinetik omenaldia eginen zaie Berako mendi lasterketetako korrikalari ohi ospetsuei

Berako Gau Krosaren 6. edizioa abuztuaren 1ean, ortzegunarekin, eginen da 22:15ean. Azken urteetan bezala, ibilbideak 7,4 kilometro eta 300 metrotako desnibela izanen ditu. Herriko karrika eta inguruetatik pasako da eta helburu bezala, besten aurrekari izatea eta Berako zein Bortzirietako jendea parte hartzera bultzatzea izanen ditu. Lasterketa hasi baino 15 minutu lehenago, 22.00etan, irteerako gunean Berako mendi lasterketetako korrikalari ohi ospetsuei omenaldia eginen zaie.

200 partaidera mugatuko den izen ematea irekita dago Manttaleren webgunean (www.manttale.com). Izen emateak 10 euro balioko du eta egunean bertan izena eman nahi izanez gero 15 euro balioko du. Inskripzioak istripu asegurua, Ptzel markarko frontalen zozketan parte hartzea eta lasterketaren ondoko lunch-a barne hartzen ditu.

Izen ematea ordenagailuan gomendatu du Manttalek eta ez mugikorretik segurtasun gehiago izateko.

2002 eta 2006 urteen artean jaiotako gazteek ere izen ematea Manttaleren web gunetik egin ahal izanen dute, baina derrigorrezkoa izanen da dortsala jasotzerako orduan gurasoetako batek sinatutako baimena ekartzea. Manttaleren web gunetik deskargatu daiteke dokumentua. Baimen hori gabe ezin izanen dute lasterketan parte hartu.

Dortsalak egunean bertan jaso ahal izango dira 20:00etatik aitzinera irteera gunean.

Bi kategoria egonen dira (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta gainera kuadrillaka sailkapenean sariak emanen dira. Hala nola, Berako bi lehenengo koadrilei saria emanen zaie eta parte hartzaile gehien biltzen dituen koadrilari ere saria emanen zaio.

Derrigorrezkoa izanen da frontala eramatea (antolakuntzak ez ditu bere gain hartuko frontalik ez duen partaideari gertatzen ahal zaizkion ezbeharrak), baina hala ere ibilbidea ongi seinalizatuta egonen da baliza reflektante eta boluntarioekin. Lasterketa ondoren, sari banaketa eta gero, garagardoa eta pintxoak izanen dira korrikalarientzako.

Ibilbidea, Merkatu plazan irteera eta helmuga dituelarik, aurreko urtekoa bezalakoa izanen da: Altzateko Merkatu Plaza (irteera), Altzate karrika, Mukixu, Julio Caro Baroja karrika, Ugalzubia, Matzada, Illekueta, Altzateko plaza, Altzate karrika, Legia, Matzenborda, Ezpondakoborda, Lazarenborda, Plaza Zaharra, Gernikako arbola karrika, Xubixabal, Bidasoa karrika, Espidobaita, (pareko eskaileretatik goituta), Kaxerna, Garmendiko Borda, Haritzalde, Mitxinborda, Egurregi, Garakoetxeko Borda, Sarron, Lamixene, Illekueta, Altzateko Merkatu Plaza (helmuga).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun