«Attaren eta amaren aldetik beti izan dute lasterka ibiltzeko afizioa», eta zaletasun horri tiraka hasi zen Manttale Mendi Lasterketa Taldean, «10-11 urterekin». Hortxe segitzen du geroztik. Ttikien atletismo eskola utzita, gaur egun, «gazteen eta emakumezko helduen taldeetan» entrenatzen du. Baina onartu digunez, «neska gazte gehiago» biltzea gustatuko litzaioke, «gutti» direlako; «ea animatzen diren». Bere kasuan, «astean bizpahiru aldiz lasterka» ibiltzen saiatzen da «eta lasterka ez bada, oinez mendian». Azterketa garaian «guttiago» entrenatzen duen arren, ikasketak ez dira zaletasuna alde batera uzteko aitzakia izaten. Are gehiago, kirola egiteak «burua arintzen» laguntzen diola kontatu digu: «denbora galtzea irudi dezake, baina aisago ikasten dut lasterka pixka bat ibili ondotik». Ezin jakin hori ote den sekretua, baina kontua da ikasturtea «ongi» bukatu zuela. Aitortu digunez, 2. Batxilergoaren ondotik, ikasketak kirolarekin uztartu nahi ditu: «Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak edo fisioterapia ikasi nahi nuke».
Bertze urrats bat eginez, duela gutti lasterketetan parte hartzen ere hasi da eta ederki moldatzen dela erakusten ari da. Aurtengo Berako Maratoi Erdian, erraterako, 14-17 urtekoetan, txapeldun izan zen eta herrian izanda, «ilusio bereziarekin» jantzi omen zuen txapela. Lesakako lasterketan ere parte hartu zuen, eta hanka bihurritu arren, gazteen kategorian bigarren helmugaratu zen.
«Joan den urtean atera nintzen lehenbiziko aldiz gau krosean, eta gustura gelditu nintzen. Lanetik etorri, dantza jaialdian parte hartu eta gero gau-krosera joan nintzen. Presaka ibili nintzen, baina kontent»
Besta eta lana tartekatuz
Lasterka ibiltzeaz gain, «bizikleta, herri-kirolak, surfa edota eskia» bezalako kirolak probatu eta atsegin baditu ere, ate-joka diren herriko bestetan ez da horretara mugatuko. Hasteko, besten atarian, abuztuaren 1ean, Gure Txokoa Dantza Taldeak eskainiko duen jaialdian eta Manttalek antolatutako gau-krosean parte hartuko du. «Joan den urtean atera nintzen lehenbiziko aldiz gau krosean, eta gustura gelditu nintzen. Lanetik etorri, dantza jaialdian parte hartu eta gero gau-krosera joan nintzen. Presaka ibili nintzen, baina kontent». Bide beretik ibiliko da aurten, eta sanestebanak lehertzen direnean ere, hortxe izanen da, bestak Ibardingo lanarekin tartekatuz, «familian eta lagunartean otorduak» eginez, ekitaldietan gozatuz, gauez «besta pixka bat» eginez... Horixe du bestetatik gogokoen duen San Esteban Egunerako plana: «goizean makil-dantzak dantzatu, gero familiarekin bazkaldu, arratsaldean aurreskua ikusi eta gauez besta pixka bat egin. Egun konpletoa izaten da».
Eta herriko besten ondotik zer? Ba «herriz herri bestetan» segitzeko asmoa du, baina aldi berean, ez da «etxe edo Santa Barbara aldetik» urruti ibiliko, horiek direlako lasterka ibiltzeko gustukoen dituen tokiak. Hola ibiliz, akaso egunen batean beretzat ametsa dena egia bihurtuko da eta Zegama-Aizkorri lasterketa egitea lortuko du. Bidea egiten hasia da eta saiatzea bezalakorik ez dago nahi dena lortzeko.