Sortzez bizkaitarra bada ere, 13 urte daramatza Beran bizitzen eta «beti sortu nintzen herrikoa» izanen dela dioen arren, «beratar sentimendua» duela ere aitortu digu: «gaur egun ni eta nire familiaren herria Bera da, dudarik gabe».
Zaletasunak ere baditu, eta ez gutti: irakurtzea eta kirol «pixka bat» egitea atsegin du, «bereziki mendira joan eta bizikletan ibiltzea». Musika aditzen ere «gustura» egoten da eta «kulturarekin harremana duten jarduerak ere gustuko» ditu. Bertsozalea da, baita bertsolaria ere, nahiz eta ez duen halakorik aipatu... Eta politika «hurbiletik» jarraitzen duen gaia da.
Kargu berria
Berriki, irakasle lanari bertze ardura bat gehitu dio: Berako alkatetzarena. Eskolako lana erabat utzi gabe, «ilusio eta gogo handiz» hartua du kargua. Hasieran «halako kezka edo beldur pixka bat» sentitu bazuen ere, «beti izan dut taldearen babesa eta jendearen animoa, eta azkenean pausoa ematea erabaki nuen». Ez zen hutsean gelditu bere urratsa eta herritarren babes zabala jaso zuten, botoen %60a. Emaitzarekin «kontent», eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei. «Orain gure ardura babes horri erantzun egokia ematea da».
«Gure ardura
herritarrek
erakutsi diguten babesari erantzun egokia ematea da»
Lau urteotako balorazio ona
Alkatetza «erronka handia» eta ardura berria badu ere, Udaleko martxa ezaguna du Elexpuruk, azken lau urteotan zinegotzi izan baita. «Auzolana eta herrigintza» barneratuta, «herriaren alde nire aletxoa jartzeko» asmoarekin sartu zen eta «hagitz urte aberatsak» izan direla azpimarratu digu, «herriko errealitatea bertze ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera eman dit».
Bertzeak bertze, euskara batzordeko zinegotzi izan da eta memoria historikoaren gaiaz arduratu da. Euskararen harira, «gure herriak euskararen normalizazioaren alde giza eta baliabide ekonomiko handiak bideratzen» dituela oroitarazi du, baina «lanean jarraitzeko beharra» azpimarratu du, «zer hobetu» badela iritzita: «euskara zaindu eta bultzatu behar dugu gure hizkuntza delako eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako». Memoria historikoaren gaian egindako lanarekin ere «gustura» dago: «36ko gerran Beran gertatutakoak ahanzturatik berreskuratzen saiatu gara». Agintaldi honetan, berriz, «memoria hurbila lantzeko pausoak» eman nahi dituzte.
Hainbat erronka
Bertzelako egitasmoak ere badituzte esku artean. Momentuan, «azpiegitura obra handi batzuk martxan» dituzte: «Eztegara frontoiko ostatu eta komunen moldaketak, Legarbideko ur hornidura sarea eta zoladura, Agerrako ur sarea, musika eskolako igogailua...». Horrez gain, irailean auzo batzarrak egiteko asmoa dute: «herritarren beharrak zein diren jakiteko». Bertzetik, «lurralde garapen jasangarriarekin segi» nahi dute, «hirigintza, etxebizitza eta mugikortasun plan estrategikoetan sakontzen jarraituz» eta «energia berriztagarrien aldeko apustua» ere berretsi du. Gaineratu digunez, «ingurugiro natural pribilegiatu batean bizi garenez, berau zaintzen segiko dugu». Euskararen normalizazioan aitzinera egitea, herriko kultur mugimendua babestea, kirol dinamizazioa bultzatzea eta integrazioaren aldeko gizarte lanak eta politika feministak aplikatzea izanen dira agintaldi honetako bertze erronka batzuk.
Besta bereziak
Abuztu hasieran, ordea, eguneroko martxa alde batera utzita, sanestebanetan jarriko du arreta. Aurtengoak «besta bereziak» izanen dira beretzat, alkate bezala «lehendabizikoak» direlako. «Ekitaldi instituzionalak bideratzea tokatuko zait eta kontu horietan zentratu beharko dut». Baina aldi berean, «dena ongi atera dadin erne» egonen omen da, nahiz eta bestetako martxa ez duen ezezaguna, zinegotzi denetik besta batzordeko kide delako. Eta «horrela jarraituko dut», baieztatu digu.
Alkatetzak eskatzen dion ardurari eta bestari neurria hartuz, ez du bestetan etxean gelditzeko asmorik. Bezpera du egunik gustukoena, «besta lehertzen den txupinazoko momentua» eta «baserri auzoetan dianetan musikariekin ibiltzea» ere maite du. Bereziki goizeko giroa gustatzen zaio, «besta giroan gosaltzea», baina kantu bazkarira ere joaten da. San Esteban Eguneko ekitaldiak ere «politak» iruditzen zaizkio eta bertso-saioan eta pilota partidetan ez du hutsik egiten. Zerbait hobetzekotan «ahal balitz migattuak eta su artifizialak urtero izatea» nahiko lukeela aitortu digu: «besta batzordeak horrela erabakitzen du eta aurrekontuak ere badu eragina».
Bide batez, eta aukera aprobetxatuz, herritarrei ere mezua luzatu nahi izan die, «ongi pasatzeko» dei eginez, «eguneroko kezkak ahantzi eta disfrutatzeko» eta aldi berean, «arduraz eta errespetuz jokatzeko, norberarekiko eta hurkoarekiko».