«Iazko bordon-dantzan bizi izan genuenari dagokion garrantzia eman nahi nion»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 31a, 08:00

Iraia Gillenea, kontrazal lehiaketako irabazlea.

Iraia GILLENEA IRIARTE Kontrazal lehiaketako irabazlea

Saiatu gabe ez da saririk izaten. Iraia Gilleneari galdetu bertzerik ez dago. Estreinakoz aurkeztu du lana bestetako kartel lehiaketara eta «batere espero gabe» kontrazal lehiaketako irabazlea izan da.

Burutan ibili izan omen du aitzinetik ere lehiaketan parte hartzea baina, «aurten, tarte bat bilatu eta bi egunez jo eta ke aritu naiz ideiak pentsatu eta garatzen.  Azkenean hau da atera dena».

Emakume bordon-dantzaria
Herriko giroa irudikatu nahi izan du: «alde batetik erraldoiak, bertzetik, herriko jendea, egiten diren ekitaldietako batzuk, baina gehienbat Sanesteban eguneko dantza garrantzitsuak eta nola ez, dantzariak».  Dantzaria eta emakumezkoa ageri da bere irudian eta ez da kasualitatea: «iazko bordon-dantzan bizi izan genuenari dagokion garrantzia eman nahi nion. Emakumezkoa izan zen lehenengo kapitaina eta uste dut hagitz momentu polita eta hunkigarria izan zela».

 

«Emakumea izan eta bertan dantzatzen egoteak aunitz pozten nau eta are gehiago, dantzatzen dugularik denok
berdinak garela
sentitzeak»

Berdintasuna
Ikusle soila ez, dantzaria ere bada eta  momentu berezia izaten omen da beretzat, hitzez azaltzeko zaila: «bordoiak eskuetan hartzen dituzun lehenengo momentuan urduritasuna areagotzen joaten da. Behin plazan dantzan zaudela, hagitz kontent sentitzen zara,  hunkigarria izaten da publikotik zure izena oihukatzen duten unea. Ez bakarrik bordon-dantzan, makil-dantzetan eta arratsaldean egiten dugun aurreskuan ere bai». Azpimarratu nahi izan du, «emakumea izan eta bertan dantzatzen egoteak aunitz pozten nau eta are gehiago, dantzatzen dugularik, denok berdinak garela sentitzeak». Dantzetako jaialdian ere parte hartzen du eta berezia da hori ere beretzat: «urte osoan zehar egin dugun lana herritarrei erakusteko momentua baita».

Jan, edan eta dantzatu
Dantza soilik ez, bestetan izaten dira bertze hamaika kontu ere. Guztiak ederki laburbildu ditu Iraiak: «bestetan, jan, edan eta dantzatu!». Ahal den guztietan «egunez etxetik atera eta eguna ongi argituta etxeratzen den horietakoa naiz». Azken urteetan udan lanean aritzea tokatu zaion arren, «egun bat baino gehiago libratzeko modua»  izan omen du eta horietan «egunean zehar dauden ekitaldietara joatea» gustatzen zaio. Abuztuaren 3a  sakratua da beretzat: «ahal izan dudan guztietan libratu dut eta lana dudanean, lanetik atera bezain agudo,  arropaz aldatu, eta lagunengana joaten naiz, zerbait hartu, afaldu, eta ondotik bestara».
Aurten ere, ziur eginen duela jan, edan eta dantzatu hirukoa betetzeko modua. Eta nork daki, eguzki argitan edo gautxorien babesean, helduko zaio agian heldu den urteko lehiaketarako inspirazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun