«Eguneko ekitaldietan jende gehiago ikusi nahi nuke bestei bizia ematen dietelako»

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 31a, 07:00

Pello Irazoki, azal lehiaketako irabazlea.

Pello IRAZOKI ERRANDONEA Berako bestetako azal lehiaketako irabazlea.

Sekula ez da berandu; horren adibide garbia da Pello Irazoki Errandonea. 69 urterekin bera izan da Berako bestetako azal lehiaketako irabazlea. Lehiaketara lan bat aurkeztu duen «lehendabiziko aldia» izan dela azaldu digu eta «ideia buruan argi» izanda irudia osatu bitartean gozatu du: «hagitz polita izan da niretzat bestetako parte diren hainbat egoera paper batean margotzea».

Txupinazoko giroa eraman du paper gainera: «besten hasieran, txupinazoa lehertzen denean, herrian sortzen den emozio hori transmititu nahi nuen». Horregatik, bere lanean hainbat herritar ikus daitezke plaza inguruan: «gazteak ageri dira Berako bestak 2019 dioen kartelaren gibeleko aldean, txarangaren erritmora hainbat aldarrikapen eginez. Bikote gazte bat eta bere haurra ere ageri dira plazako giroari begira eta erraldoiak ere ez dira falta».

«Txupinazoko giroa eraman dut paper gainera. Txupinazoa lehertzen den momentuan, herrian sortzen den emozio hori transmititu nahi nuen irudi honekin»


Denborari etekina ateraz
Marraztea ez du afizio berria, ez eta bakarra ere: «erretiroa hartuta nago eta saiatzen naiz antolatua izan eta denbora aprobetxatzen». Ongi antolatzeko beharra izanen du bai, dituen afizio guztiak kontuan hartuta: «gorputza zaintzeko bizikletan ibili, baratzean aritu eta mendira joatea gustuko ditut. Sukaldean aritzea ere bai, ongi bazkaltzeko, eta bidaiatzea eta margotzea, burua lanean jartzeko. Gainera, duela bi urte titulu berri eta polita ere hartu nuen, aitatxi izatea».

Bestazalea
Bestarako tartea ere hartzen du: «egunero ibiltzen gara, txupinazoan bestan hasi eta azken egunera arte». Bertzeak bertze, «erraldoi eta buruhaundiak eta dantzak ikustera joan,  familiarekin bazkaltzeko elkartu, bandaren kontzertua ikusi, su artifizialak, suzko zezena, kukaña...». Gautxoria izana dela aitortu digun arren, orain, eguneko ekitaldietan gehiago ibiltzen omen da: «egitaraua ongi irakurri eta gero nora joan aukeratzen dut. Badira aukerak denontzat». Huts egin ezinekoen artean argi du bere aukera: «su artifizialak. Gaua kolorez pizten da eta zarata ere ez da falta. Xarma berezi hau Lesakatik ere ikus dezakete».



Giro berezia herrian
Herrian sortzen den giro bereziaz ere egin du aipamena: «urte osoan izaten ez den zerbait berezia nabari da. Itzuli bat ematera joan eta jendea karrikan, batekin eta bertzearekin solasean egoteko aukera...». Dena den, bada zer hobetua ere: «eguneko ekitaldietan jende gehiago ikusi nahi nuke, horiek ematen diete bizia bestei».  Garai batekoekin alderatuta, «arin-arin, fandango, irrintzi eta kantak ere ia desagertuak» daudela uste du eta hori aldatu nahi luke.
Besta ondorenerako sekretua ere eman digu: «gosaltzeko ura aspirinarekin edatea eta bi orduz bizikletan ibiltzea». Esperientzia ez zaio falta, beraz, inor beharrean bada, proba egin dezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun