Nafarroako Rally Txapelketako hirugarren proba Lesakan larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 18a, 08:15
75 parte-hartzailek izena eman dute.

Nafarroako Rally Txapelketako hirugarren proba Lesakan jokatuko da larunbatean. Ziharka Sport eta Malerreka Motorresportek, Nafarroako Automobilismo Federazioarekin batera, antolatutako lasterketa Agiñako errepidean izanen da. Guztira 75 lagunek eman dute izena eta horien artean izanen dira eskualdeko zenbait: Joseba Beola-Joxelu Iratzoki, Andoni Lazkanotegi-Hodei Unsion, Asier Almandoz-Arkaitz Otegi, Iker Sein-Miren Maia, Jokin Huizi-Haizea Txoperena, Jon Jaen-Jon Inda, Jon Pikabea-Aitzol Moneo, Joxe Mari Mikelperitzena-Joseba Mariezkurrena, Mattin Villares-Jon Zozaia eta Xabier Zubiri-Miguel Elizalde.

08:00etan zehaztu dute hitzordua. 11:00 arte egiaztatze teknikoak (frontoiko parkinean) eta administratiboak (Iru Bide ostatuan) eginen dituzte. Parkinean bertan, 11:30ean, ibilgailuak aurkeztuko dituzte eta ordu horretan bertan baimendutako ibilgailuen zerrenda aditzera emanen dute (Iru Biden). Lasterketako lehendabiziko parte-hartzailea 13:00etan abiatuko da NA-4000 errepideko 6,100 kilometrotik. Segidan, hurrengoaren irteera izanen da, 15,400 kilometrotik. Bi irteera puntuetatik, txandaka, abiatuko dira ibilgailuak. Guztira 37,200 km egin beharko dituzte.

19:30ean, plaza zaharrean, emaitzak jakitera ematearekin batera, sariak banatuko dituzte. Lehendabiziko hiru sailkatuek oroigarria jasoko dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun