Berako futbol 7 txapelketa antolatu du hirugarren urtez Gure Txokoak

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 17a, 11:55
Giro ederra sortu da Matzada futbol-zelaian futbol-7 txapelketaren lehen bi edizioetan.

Uztailaren 28an jokatuko da eta 25era bitarteko epea ireki dute izena emateko

Pasa den urtean bigarrenez Berako Futbol 7 Txapelketa antolatu zuen Gure Txokoa Futbol Taldeak eta egun arrakastatsua gertatu zen. 100 pertsona baino gehiagok Matzada futbol zelai berriaz gozatzeko aukera izan zuten eta aurtengoan ere aukera hori izateko txapelketa antolatu dute. Gainera duela urte batzuk Berako besten aintzinetik jokatzen zen futbito txapelketaren ideia berreskuratu nahi dute, urteroko hitzordua bihurtuz. Asmo honekin data aldatu dute eta igandearekin antolatuko da, uztailaren 28an, arratsakdez, talde kopuruaren arabera. 

Izena emateko epea zabalik dago uztailaren 25era arte, Xuga eta Errekalde ostatuetan, taldeko 30 euro ordainduta. Txapelketa 14 urtetik goitikoei zuzendua dago eta gehienez hamasei talde onartuko dituzte (Berako kuadrillek izanen dute lehentasuna).

Babesleei esker sari bikainak izanen dira, horien artean, otordu bana lehenbiziko hiru postuetan sailkatutako taldeetako partaideentzat Xuga, Errekalde eta Zubiondo ostatuetan. 

Txapelketaren antolaketa eta arauak (ligaxka, kanporaketak, partiden iraupena…) izen emandako taldeen araberakoa izanen da. Arau garrantzitsuenak aitzinerago argituko dira.

Futbol 7a ezagutzen ez dutenentzat, partidak futbol zelai erdian jokatzen dira (zabaleran) eta izenak erraten duen bezala 7 jokalariz osatuta daude taldeak (atezaina eta 6 jokalari). Aldaketak futbitoan bezala egin daitezke inongo mugarik gabe. Beraz ez du prestakuntza fisiko berezirik eskatzen eta honekin animatu nahi dute futbolean inoiz jokatu ez duen jendea izena eman dezan, baita adinez goiti doazen horiek ere. «Maila guztietako taldeak nahi ditugu», diote Gure Txokoatik. Neskei ere dei berezia egin diete: «Txapelketa mixtoa izanen da eta herriko neskak apuntatzeko animatu nahi dugu. Ea etorkizun batean Gure Txokoan nesken taldea berreskuratzeko aukera dugun!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun